PlayStation-ek ordenagailuetarako bertsioak ekarriko dituen berrikuntza grafikoak zehaztu ditu.
Housemarque estudioak eta PlayStationek ezagutzera eman dutenez, orain arte PS5-eko esklusiboa izandako Returnal otsailaren 15ean PCan estreinatuko da. Hori horrela, Sony-koek ordenagailuetan kaleratuko duten hurrengo bideojokoan bilakatu da.
Hirugarren pertsonako akziozko jokoa dugu Returnal. Selene deitutako emakumearen rola hartuko dugu bertan: Atropos deitutako planetan lurreratu ondoren, ihes egiteko misterioak argitzea eta arerioak akatzea izango da gure helburua.
Berezitasun nagusiena Atroposen egitura orokorretik dator: etengabe aldatzen ari den planeta da. Modu horretara, roguelike elementuak eskainiko ditu abenturak, partida bakoitzeko erronkak eta ibilbideak desberdinak izango baitira.
2021ean PlayStationen egungo kontsolan merkaturatutako tituluak zenbait berrikuntza ekarriko ditu ordenagailuetako bertsiorako: hauek bideoan aurkeztu dituzte arduradunek.
Zelan ez, horren modan dauden NVIDIA DLSS eta AMD FSR teknologiak erabiliko ditu bideojokoak irudi kalitatean asko eragin gabe errendimendua nabarmen hobetzeko helburuarekin. Antzeko erabilpena duen NVIDIA NIS gehitu dutela ere aipatzen dute garatzaileek PlayStation Blog-en; txartel grafiko zaharragoei zuzendutako baliabidea da.
Izpien trazadura mugatua erabiltzen zuen jatorrizko bertsioak, itzalei eskainitakoa bakarrik. PCko bertsioan, ordea, islak ere ikusiko ditugu teknologia honekin. Pantaila ultrazabalentzako eta super ultrazabalentzako (21:9 eta 32:9 formatuak, hurrenez hurren) euskarria agindu dute gainera, baita Dolby Atmos teknologia bidezko 3D Audioa ere.
Bukatzeko, PS5eko DualSense agintearen euskarri osoa jasoko dute ordenagailuek: honi esker kolpekari moldakorrak zein feedback haptikoa erabili ahalko dira bideojokoarekin. Dagoeneko jokatu dutenek sekulako esperientzia dela diote; beraz, halako agintea izanik ez galdu probatzeko aukera.
Ascension doako DLC-aren edukiak ere helduko dira ordenagailuetara, noski: Sisyphus dorre amaigabea, eta, are garrantzitsuago, joko kooperatiboa dakartza espantsioak.
Returnalez gozatzeko, hortaz, otsailaren 15era arte itxaron beharko dute PCko jokalariek.
Iruzkinak