PCra eta Xbox Series kontsoletara iritsi da 7th Beat Games taldearen titulua: botoi bakarra erabilita jokatzea eskatuko digu.
Rhythm Doctor kaleratu berri du 7th Beat Games estudioak, aurretiazko sarbidean egon ondoren. Medikuntza musika eta erritmo jokoekin uztartzen duen jokoa arrakasta hutsa izaten ari da, iritzi eta balorazio bikainak eskuratuta jokalarien aldetik.
Erritmoz betetako titulua PCan jokatu ahal izan da early access fasean; 1.0 bertsioarekin batera, gainera, Xbox Series kontsoletarako ere argitaratu dute egileek.
Ezagutzen ez duzuenontzat, Rhythm Heaven bezalakoen proposamena hartzen eta moldatzen duen lana da indie taldearena. Gaixoak sendatzen ibiliko gara, horretarako, euren bihotz taupaden erritmoa desfibriladorearekin jarraituz.
Botoi bakarra beharko da desfibriladorea erabiltzeko. Proposamen erraza eta sinplea, diote arduradunek… baina hori bakarrik izango ote? Gaixotasun desberdinek euren berezitasunak dituzte, eta adi ibili beharko gara, erritmoa kontuan hartuz.
Paziente bakoitzaren istorioa jarraituko dugu 20 mailetan zehar; are gehiago, erronka bakoitzak oztopo edo mekanika berria gaineratzen duela aldarrikatzen dute egileek. Desafioak ez dira hor bukatzen, baina: mailen editorearekin mailak sortzeko eta partekatzeko aukera daukate jokalariek.
Bakarka zein kooperatiboki gaindituko ditugu helburuak tokiko multijokalariari esker. Ez dugu online modalitaterik ikusiko, oraingoz behintzat, baina arduradunek Steam Remote Play Together funtzioaz baliatu dira streaming bidezko partidak antolatu ahal izateko.
Esan bezala, Rhythm Doctor ikaragarrizko iritziak biltzen hasia da Steamen. Ez da harritzekoa, garatzaileen aurreko erritmo jokoa, A Dance of Fire and Ice, arrakasta hutsa izan baita jokatu dutenen artean.
PCan zein Xbox Seriesetan joka daiteke dagoeneko Rhythm Doctorren.
Lander Unzueta
Iruzkinak