Datorren urtean jokatuko ditugu bere proba dibertigarriak Nintendo Switch kontsolan.

Nintendo Direct aurkezpenean Rhythm Heaven sagaren hurrengo jokoa iragarri da. Rhythm Heaven Groove izenarekin, erritmo minijokoak izango ditu ardatz berriro.

Frankizia ezagutzen ez duzuenontzat, proba sinpleak, baina zailak proposatzen ditu Rhythm Heavenek. Rhythm Tengoku izenarekin jaio zen Game Boy Advance eramangarri japoniarretan; Euskal Herrian, aldiz, Nintendo DSko Rhythm Paradise atalarekin ezagutu genuen lehen aldiz.

Switch kontsolan jokatuko dugun Groove, itxura batean, agintearen botoiekin gainditu beharko da —beste atal batzuek ukipen pantaila edo mugimendu bidezko kontrolak erabiltzen zituzten—. Abestien doinua jarraitzea eta botoiak une egokian zanpatzea da helburua, ez dago besterik… gauzak aldrebesten hasi arte.

Aurkezpen dibertigarri bezain minimalistarekin, milaka jokalaria harrapatzea lortu duen saga da Rhythm Heaven. Azken jokoa 2016an jaso genuen: 3DSko Rhythm Heaven Megamix.

Rhythm Heaven Grooven aritzeko itxaron egin beharko dugu: 2026an iritsiko omen da, Nintendokoen arabera. Switch originalean, eta, ez bada ezer arrarorik gertatzen, Switch 2an jokatu ahalko da.