Erritmo sagaren atal berria proba eta minijoko mordoarekin iritsiko da Switch kontsoletara.

Nintendo-k Rhythm Heaven Groove tituluaren kaleratze data iragarri du: uztailaren 2an merkaturatuko da.

Rhythm Heaven minijoko sagaren atal guztiz berria Switch eta Switch 2 gailuetan jokatu ahalko dute jokalariek. Betiko premisa berbera biziberrituko du: erritmoz betetako probak eta desafioak gainditzea izango da erronka. Oraingoan, Tsunku musikagile japoniarraren abestiak eta doinuak erabiliko dituzte probak sortzerakoan.

Adibidez, Nintendotik erakutsi duten minijoko berriak sukaldera eramango gaitu. Sukaldariaren kantuaren doinua jarraitu beharko dugu barazkiak une egokian hartzeko eta mozteko. Proposamen sinplea dirudi, baina, zailtasunak gora egin ahala, arreta guztia eskatuko duten probak aurkeztuko dituzte egileek.

Frankizia Rhythm Tengoku izeneko jokoarekin hasi zen Game Boy Advance eramangarrian. Guk Nintendo DSko Rhythm Paradise arraskatatsuarekin ezagutu genuen, ordea, lehen jokoa Japoniako esklusiboa baitzen. Proposamen sinple baina dibertigarriarekin jokalari hasiberriak zein adituak harrapatzea lortu zuten.

Rhythm Heaven Groove berria uztailaren 2an helduko da Switch kontsoletara.