CodeSyntax enpresak garatutako jokoa "komunikazio-esparrua aldatzera datorren tresna" den mugikorrari "modu irudimentsu eta arrakastatsuan heltzen dion proposamena" dela adierazi du epaimahaiak.

Android eta iOS sistema eragileetarako eskuragarri dagoen Egunean Behin jokoak XXXII. Rikardo Arregi Saria jaso du. Andoaingo Udalak antolatzen dituen sariak bi kategoriatan banatuta egon dira aurten: kazetaritza eta komunikazioa. Bigarren atal horretan saritu dute CodeSyntax enpresaren lana.

Epaimahaiak azaldu duenez, Internet eramangarria ahalbidetzen duten mugikorrak komunikazio-esparrua aldatzera datozen tresna nagusia bilakatu dira. Saritutako aplikazioak tresna horri "modu irudimentsu eta arrakastatsuan heltzen dion proposamena" dela deritzote epamahaiko kideek. Bideo-jokoarekin CodeSyntaxekoek "euskarazko erabiltzaileen komunitatea eraikitzeko tresna" eratu dutela azpimarratu dute; gaur egun 40.000 jokalari-talde inguru sortu dira aplikazioaren baitan, #eguneanbehin traola erabilita bildutako euskal komunitatearekin batera.

Guzti horrengatik, eta "mugikorrerako aplikazio batek eskain dezakeen aukerak gainditu" dituela ikusita erabaki du epaimahaiak aurtengo Komunikazio Saria Egunean Behini ematea. Saria batzera CodeSyntaxeko Eneko Astigarraga kudeatzailea eta Bittor Poza Android programatzailea hurbildu ziren Andoainera.

Komunikazio Sariaren finalisten artean ‘Ene kantak!’ proiektu komunikatiboa, Arteman eta Mendiak eta Herriak elkartea eta Et Incarnatus Orkestra egon dira.

100.000 deskarga baino gehiago

"Egunean minutu pare bat euskaraz jokatzeko aitzakia" helburutzat hartuta 2019an kaleratutako aplikazioak euskaraz sortutako 80.000tik gora galdera biltzen ditu; horietako asko erabiltzaileek sortutakoak dira.

Horiei erantzuteko parte hartzaileak zehazterakoan, jokoak saltoki digitaletan 100.000 deskarga baino gehiago eduki ditu estreinatu zenetik. Joan den urtean 3,5 milioi partida jokatu zirela nabarmendu dute sarien antolatzaileek.

Egun bosgarren denboraldiari ekin dio Egunean Behinek. Eguneroko partidekin batera irabazleentzako sariak eskaintzen dituzte astero. Zuzeneko ekimen bereziak ere egin izan dituzte.

Jokatzeko, Androiderako Play Storetik eta iOSerako App Storetik jaitsi beharra dago; Egunean Behin guztiz doakoa da.