“Jokalarien esperientzian inpaktu handiena duten eremuetan ardazteko” hartu dute erabakia, diotenez. Riot Forge marka deuseztatuko dute, gainera.

“Still here” zioten LoL-eko azken zinematikan, baina ez da egia. Kaleratzeen albisteek protagonista izaten jarraitzen dute bideojokoen industrian. Azkena Riot Games taldeari lotuta dago: lantaldearen % 11 kanporatuko dute League of Legends-en arduradunek, 530 langile, euren webgunean jakitera eman dutenez.

Erabakia, diotenez, “jokalarien esperientzian inpaktu handiena duten eremuetan ardazteko” hartu dute. Riotekoek akziodunak eta irabaziak aipatzen dituzte, kaleratzeak ez daudela horiei lotuta azpimarratzeko: “Ez gabiltza akziodunak baretzen edo hiruhilekoan irabazien zifrara heltzeko ahaleginak egiten, beharrizana da”.

Hautuarekin batera Riot Forge marka bertan behera utziko dutela baieztatu dute. Gehienbat League of Legendsen unibertsoari lotutako jokoak kaleratu dituzte Forgen aterpean: Ruined King, Hextech Mayhem, Song of Nunu edo The Mageseeker merkaturatu dira azken urteotan, A League of Legends Story azpitituluarekin. Markapean ikusiko dugun azken jokoa aurten estreinatuko duten Bandle Tale izango da.

Hori horrela, enpresaren bideojoko nagusiak babesten eta elikatzen jarraitzea da helburua. League of Legendsekin batera Valorant, Teamfight Tactics eta Wild Rift aipatzen dira prentsa oharrean, “inoiz baino anbizio handiagoarekin lan egingo dutela” azpimarratuz.

Legends of Runeterra karta jokoak, ordea, ez du patu bera edukiko. Argitaratu zutenetik “erronka finantzarioak” jasan dituela diote enpresakoek, garapen eta mantentze kostuak irabaziak baino nabarmen handiagoak izanda. Runeterrak bizirik jarraituko badu ere, lantaldea murriztuko dute Riotekoek.

 

3.172 kaleratzetik gora 2024an

Urte hasiera gogorra izan da bideojokoen sortzaileentzat. Lehen albisteen arabera, Riot Gamesko garatzaileei urtarrilean industriako enpresa desberdinek iraitzitako 3.172 langileak gehitu behar zaizkie: Unity, Thunderful edo CI Games estudioetako lantaldeen kasua da, baita Twitch eta Discord plataformena ere.

2023ko egoera ez zen hobea izan; zehazki, 10.500 sortzaile kaleratu zituzten industriako estudio handienek.