Ninja Team estudioa arduratuko da garapenaz. 2024an argitaratuko dute; kontsolen aldetik, PlayStation 5-eko esklusiboa izango da.
State of Play aurkezpenak garatzaile japoniarren bideojoko berriak ezagutzera emateko balio izan dio PlayStationi. Horien artean esanguratsuenetakoa izan da Koei Tecmo prestatzen ari den Rise of the Ronin ezezaguna: Japonian girotutako mundu irekiko RPGa izango da.
Fumihiko Yasuda Team Ninja estudioko ekoizleak PlayStation Blog-ean jakitera eman duenez, zazpi urte daramatzate titulua sortzen. Borrokak izango dira nagusi abentura honetan: Ronin baten rola hartuko dugu —jaunik gabeko samuraia, alegia—; hori horrela, erabakiak gure kabuz hartzea izango da eskainiko duen ezaugarrietako bat. Are gehiago: “hartutako edozein erabaki garrantzitsua izango dela” agindu dute.
Ronina ezpataria izango da, baina titulua Bakumatsu garaian girotuta egongo denez, pistolak eta bestelako armak ere hartuko ditu. Jokoarekin Koei Tecmokoek “beste maila batera iritsi” nahi dutela diote: azken urteotan lortutako abileziak eta esperientzia hori lortzeko erabili nahi dituzte.
Team Ninjakoak hainbat bideojokotan murgilduta dabiltzala ikusi dugu Rise of the Ronin honekin; aurkeztutakoaz gain, Wo Long: Fallen Dinasty garatzen dabiltza, baita Final Fantasy Stranger of Paradise-n eduki gehigarriak ere.
Horren ondorioz, Japonian kokatutako lana ikusteko itxaron egin beharko dugu: 2024an kaleratzeko asmoa aurreratu dute Koeikoek. Kontsolen aldetik PlayStation 5eko esklusiboa izango da Rise of the Ronin; ez dute baieztatu, baina suposatzekoa da PC-ko bertsioa ere jasoko dugula.
Iruzkinak