Prozeduralki sortutako ziegak gainditu beharko dira abenturan. “Borroka sistema berritzailea” eratu nahi dute garatzaileek.

PlayStation Talents Games Camp ekimenak garatzaile bilbotarrak bultzatzen jarraitzen du. Fsix Games estudioak bere hurrengo lanaren lehen xehetasunak eskaini ditu. Ziega eta arerioz betetako akziozko rol jokoa izango da Rivalia: Dungeon Raiders.

Bertan lau abenturazalez osatutako taldearen kontrola hartuko dute jokalariek. Rivalia ez da multijokalariari zuzendutako abentura izango: jokalari bakarra pertsonaien aretan aldatuz joango da, bakoitzaren ahalmen eta ezaugarri bereziak aprobetxatzeko.

Bilbotarrek nabarmendu dutenez, Rivaliaren borroka mekanikek Square Enixen Final Fantasy XVen eta MiHoYoren Genshin Impacten ikusitakoak gogora ekarriko dute. Izan ere, Fsix Gamesen lanak bi joko hauek egindakoa batuko du: jokalariak borrokalari bakarra kontrolatuko du jokatzerakoan, baina gainerako hirurak berari laguntzen egongo dira ondoan borrokatuz.

Aipatu bezala pertsonaia bakoitzak bere ezaugarri propioak edukiko ditu; borroketan bakoitzak rol bat beteko du, une bakoitzerako aproposak diren ahalmenak hautatzea jokalarien esku egonik. Mekanika horiekin “borroka sistema berritzailea eta borobila” sortzeko helburua dauka estudioak.

Borroka sistema horrez gain prozeduralki sortutako kokalekuak prestatzen ari dira. Alde horretatik The Binding of Isaac ezagunaren bidea jarraituko dute bilbotarrek.

 

Euskal bideo-jokoak, gora egiten

ARPGa Fsix Gamesek garatutako lehen lan komertziala izango da, baina ez da sei langilez osatutako estudioak prestatutako lehen bideo-jokoa. Aldez aurretik Cursed Oceans beldurrezko jokoa eta Chaos Reign karta jokoa prestatu izan dituzte Harrobia Ikastolarekin.

Rivalia: Dungeon Raiders PlayStation Talents Games Camp egitasmoaren 2021eko edizioan hautatutako jokoetako bat da. Hori horrela, Fsix Gamesek bere jokoa garatzeko hainbat laguntza jasoko ditu PlayStationen aldetik: horien artean dago Bilbon kokatutako bulegoan lan egiteko aukera.

PlayStationen ekimenaren baldintzak ikusita, Rivalia datorren urterako prest egongo dela aurreikusten da. Elkarlanak aldi baterako esklusibitatea suposatuko du: hasiera batean PlayStation kontsoletan bakarrik argitaratu dezakete ARPGa.

Egitasmo honen baitan sortutako hainbat euskal bideo-joko ikusi dira azken urteetan. Horien artean daude Main Loop Videogamesen Itadaki Smash eta Submersed edota joan den otsailean rBorn Gamesek kaleratutako The Five Covens. Guzti hauek euskaratuta merkaturatu dira PlayStationerako zein PCan.