Bihar argitaratuko da Fsix Games-eko bilbotarren lehen jokoa. Guztiz euskaratuta iritsiko da PC-era eta PlayStation kontsoletara.

Iaz hitz egin genuen lehen aldiz Fsix Games estudio bilbotarra prestatzen ibili den Rivalia: Dungeon Raidersi buruz. Azkenik iritsi da jokoaz gozatzeko ordua; aurretik, baina, akziozko RPG abenturak eskaintzeko daukana ezagutzera eman nahi izan dute jokagarritasun bideo sakonarekin.

Ashelin ezpataria, Halmor lapurra, Evanya sorgina eta Yhorm zalduna ikusteko aukera daukagu trailerrean. Ez hori bakarrik: bakoitzaren indarguneak eta ahalmen bereziak aditzera emateko aprobetxatu dute bilbotarrek. Izan ere, ezaugarri guztiz desberdinak izango dituzte.

Ashelinen berezitasuna min egitea izango da, zalantzarik gabe. Bere ezpata erabilita kolpe bizkorrak zein hilgarriak eman ditzake; are garrantzitsuagoa da, ordea, bere barnean dagoen deabrua. Honi esker eraso berezi suntsigarriak eragingo ditu, baina aurretik arerioen arimak bildu beharko dituzte Ashelinek eta bere deabruak.

Urrutitik erasotzea izango da Halmorren trebezia. Bere arkuarekin etsai bakarrari eraso, zein aldi berean hainbat akatzeko abileziak edukiko ditu. Modu horretara, borroketan murgildu gabe laguntza eskainiko du lapurrak.

Evanyarekin antzekoa gertatzen da: sorginak magiak erabilita etsaiak urrunetik eraso ditzake. Hala eta guztiz ere, bere magiari esker lagunak sendatzeko zein indartzeko abilezia izango du. Ezinbestekoa bizirik jarraitzeko eta aurkaririk gogorrenak gainditzeko.

Yhormekin, bukatzeko, kolpe hilgarrienak eutsiko ditugu. Zaldun erraldoiak bizitza mordoa izango du, baina bere abileziei esker zartako apartak banatuko ditugu munstroen artean.

Rivalia gazteluko ziegak zeharkatzea eta bertatik ihes egitea izango da jokoak proposatutako helmuga. Ez da erraza izango, partida bakoitzean mailak prozeduralki eraldatuko baitira. Horretarako, aipatutako lau heroiak kontrolatuko ditugu; nahi bezala aldatuko dugu hauen arteko kontrola, baina laurak batera ariko dira borroketan elkarri laguntzen.

Borrokak aipatu ditugu behin eta berriro: era guztietako munstroak eta izakiak akatu beharko dira Rivalian. Gogorrenak, nola ez, buruzagiak izango dira. Hauetako batzuk ikusteko aukera daukagu azken bideo honetan.

Noiz kaleratuko da Rivalia? Bihar bertan. PlayStation kontsoletara iritsiko da RPG titulua: PlayStation 5ean zein PlayStation 4an gozatu ahalko da. Horiez gain, ordenagailuetan ere kaleratuko dute: Steam bidez eros daiteke dagoeneko.

Hizkuntzetan sakontzea ere beharrezkoa da kasu honetan; izan ere, orain bi aste iragarri genuen modura, Rivalia: Dungeon Raiders euskaratuta estreinatuko da. Game Erauntsia Elkarteak burututako itzulpena izango da, eta Fsix Gamesen titulua merkaturatuko den plataforma guztietan jokatu ahalko da gure hizkuntzan. Hori horrela, PS5ean, PS4an eta PCan euskaratuta ikusiko dugu.

Rivalia: Dungeon Raiders nahiz euskaraz joka daitezkeen gainerako titulu guztiak gure euskarazko bideojokoen zerrendan aurkituko dituzu.