2022ko lehen hilabeteetan estreinatuko da akziozko roguelike abentura PlayStation kontsoletarako eta PC-rako.

PlayStation Talents ekimeneko azken bideo-jokoen artean aurkitzen den Rivalia: Dungeon Raiders ARPG jokoak bere jostagarritasuna sakontasunez erakusteko trailerra argitaratu berri du. Fsix Games estudio bilbotarraren abentura sasoi betean aurrera egiten dabilela ikus daiteke bertan, protagonisten ahalmen bereziak ezagutzearekin batera.

Ashelin, Halmor, Evanya eta Yhorm protagonisten kontrola hartuta jokalariak Rivaliako gaztelua esploratu beharko dute. Madarikazio baten ondorioz gaztelua desitxuraldatuta geratu da, eta heroien helburua aztikeria desegin eta erreinuan bakea berriz nagusitzea izango da.

Sei kidez osatutako garatzaile taldeak zehaztu duenez, bideo-jokoa sei maila desberdinetan banatuta egongo da. Bakoitzak arerio eta erronka propioak batuko ditu; nola ez, horien artean aurkituko da maila amaierako etsai nagusia. Kokalekuek askotariko estetikak aurkeztuko dituzte: trailerrean kanposantua ikus daiteke, baina gaztelua edota infernua bisitatuko dituzte heroiek abenturan zehar.

Ziega edo maila bakoitza prozeduralki sortuta egongo da. Izan ere roguelike motako abentura izango da Rivalia, modu horretara partida bakoitzean erronka desberdinak proposatuta.

Akzioa denbora errealean biziko da, eta lau pertsonaien artean aldatzen aritzea ezinbestekoa izango da garaipena lortzeko. Bakoitzaren abilezia eta botere bereziak erabilita etsai desberdinen ahulguneak aurkitu beharko dituzte jokalariek, ahalik eta modurik aproposenean antolatuta.

Arduradunek nabarmentzen dutenez Final Fantasy XV-en ikusitako pertsonaien arteko bat-bateko aldaketak, Genshin Impact-eko borrokak eta The Binding of Isaac-en esploratutako ausazko ziegak batu dituzte Rivalia sortzeko.

Fsix Games estudio txikia izan arren PlayStation Talents egitasmoaren babesarekin prestatzen ari dira bideo-jokoa. Rivalia: Dungeon Raiders PlayStation 5, PlayStation 4 eta PC plataformetarako prestatzen ari dira. Argitaratze data finkatu gabe utzi duten arren, 2022 hasieran kaleratzea aurreikusten dute.