Hiru dimentsioetara igaroko dira Rivals 2-rekin. 2024an kaleratzeko asmoa duten arren, aurretik beta argitaratzea aurreikusten dute.

Borroka jokoen berpizkundea hein handi batean garatzaile independenteei esker eman da: Capcom, NetherRealm, Bandai Namco, SNK eta beste asko frankizia klasikoen atal berriak sortzen ibili diren bitartean, indie estudioek lan guztiz berriak prestatu izan dituzte. Hori izan da Rivals of Aether maitatuaren kasua: Super Smash Bros-en klon dibertigarri honen jarraipena iragarri dute orain.

Rivals 2-ren iragarpena Rivals Direct aurkezpenearen laugarren edizioaren baitan egin zuten. Apirilaren 1eko ekimen honetan Aether Studioseko garatzaileek txantxak erakustea izaten da ohikoena, baina eduki berrientzako lekua ere egoten da.

Trailer motz baina ikusgarriarekin erakutsi dute plataforma borroka jokoaren titulu berria. Aldaketarik esanguratsuena atal grafikoaren aldetik dator: sprite-ak alboratu, eta hiru dimentsioko jokoa eratzen ari dira. Cel Shading estetika koloretsu eta dibertigarriarekin, animalia antropomorfiko desberdinen kontrola hartuta gure arerioak borrokalekutik kanporatzea izango da, Nintendoren borroka joko ezagunean egin bezala.

Hain zuzen ere, oraingoan Super Smash Brosen mekanikengana are gehiago hurreratu da Rivals: ezkutuak eta oratzeak gaineratuko dituzte, besteak beste. “Plataforma borroka jokoen generotik gustoko dugun guztia hartu nahi dugu eta ezaguna, adierazgarria eta intuitiboa den jokoa sortu”, diote arduradunek beren webgunean.

Mod-ak alboratu egingo dituzte oraingoan, baina. Lehenengo jokoa bere Steam Workshop-eko ezaugarriengatik ospetsua izatera iritsi da: zaleek borrokalariak zein kokalekuak sortzeko eta partekatzeko aukera eduki dute, sekulako sorkuntzak garatuta. Hiru dimentsioetara igarota, hau bermatzea zaila izango dela dirudi bigarren atalarekin.

Jokoa argitaratzeko oraindik bide luzea daukate, ordea. 2024rako prest edukiko dutela diote: “talde txikia baina anbizioz betea” da Aetherrena, eta merkatuko bideojokorik handienen parean aritzeko asmoa dute. Hala eta guztiz ere, 2023an beta itxia prestatu nahi dute. Plataformei dagokienez, ez dituzte zehaztu, baina “ahalik eta gehienetan” kaleratzea da asmoa.

 

Ziegak eta rol jokoak

Rivals 2-rekin batera Dungeons of Aether deitutako txandakako RPG-a aurkeztu dute garatzaileek. Lau heroi guztiz berrirekin, istorio sakona prestatzen dabiltza genero berria aprobetxatuta.

Julesvale steampunk hiria bisitatu eta bertako kobazuloetatik zehar ariko dira protagonistak. Ziega desberdinak gainditu eta urrea batzea izango da helburua, bidean etsai nagusiak akatuta. Roguelike mekanikak, dadoak eta sprite zoragarriak bilduko ditu Dungeonsek.

Aurten merkaturatuko dute: urriaren 25ean estreinatuko da Steam bidez.