Aether Studios-en titulu maitatuaren jarraipena hiru dimentsioetara igaroko da. Beta itxiak antolatu dituzte jokoa finantzatzen lagundu duten zaleen artean.

Rivals of Aether II —orain arte Rivals 2 deitzen zuten— desiratuaren argitalpen data iragarri dute, azkenik, Aether Studiosko egileek: urriaren 23an abiatuko ditu borroka bizkorrak Steam plataforman.

Egunaren iragarpena bideo ikusgarriarekin batera egin dute. Eraberritutako hiru dimentsioko atal grafikoaz gozatzeko aukera eskaintzen digute —originalak 2D estetika zeukan—, baita borrokalarien zerrenda zabala ezagutzekoa ere. Hamar pertsonaia batuko dituzte titulua argitaratzerakoan: Zetterburn, Ranno, Wrastor, Kragg, Fleet, Maypul, Clairen, Loxodont, Orcane eta Forsburn.

Onena? Etorkizuneko gehigarri guztiak doakoak izango direla agindu dute egileek, baita hauei lotutako eduki estetikoak nahiz itxurak ere.

Rivals of Aether ezagutzen ez duzuenontzat, Nintendo-ren Super Smash Bros saga ezagunaren klona dugu. Plataforma borroka jokoen mekanikak bereganatzen ditu, beraz: jokagarritasun askea eta azkarra proposatuta, helburua arerioak borrokalekutik kanpo jaurtitzea izango da. Borrokalari bakoitzak berezko mugimendu sorta zabala edukiko du, askotariko aukerak ahalbidetuz. “Jokatzeko erraza, menperatzeko zaila”, diote egileek.

Borroka generoan orain arte ikusi gabeko berritasunak aipatzen dituzte Steameko orrialdean: ertzetatik igotzerakoan, lurretik altxatzerakoan edo etsaiak heltzerakoan mugimendu bereziak erabiltzeko aukera egongo da, adibidez.

Bideojokoa komunitatearekin elkarlanean fintzen aritu dira, gainera: 2023an egindako Kickstarter finantzazio kanpainan lagundu zutenek beta itxietan parte hartzeko aukera eduki dute. 16.408 babesleren artean 1.076.198 dolar biltzea lortu zuten.

 

Rivals originala, komunitate fidelarekin

Lehen atala benetan maitatua da plataforma borroka jokoen jarraitzaileen artean; izan ere, 2017an argitaratutako jatorrizko tituluak balorazio benetan positiboak zein ehundaka jokalari biltzen jarraitzen du gaur egun.

Horren arrazoia, aipatutako mekanika dibertigarriez gain, bere mod euskarri zabala da: Steam Workshop bidez borrokalariak zein borrokalekuak doan eta modu errazean deskargatzeko aukera dago. Mario, Sonic, Goku, Sans, Fox, Kirby, Link, Steve, Jotaro… denetarik aurki dezakegu moden artean, eta sekulako kalitatea daukatela esan beharra dago.

Borroka jokoak baino gehiago eskaintzen ditu frankiziak: Rivals tituluekin batera Dungeons of Aether txandakako estrategia abentura eta Creatures of Aether karta jokoa ere argitaratu dituzte indie garatzaileek.

Rivals of Aether II urriaren 23an estreinatuko da PCan.