Tresna eta aukera guztiak eskainiko ditu bertsio berriak. Sormen joko ezagunak eguneraketa erraldoia jasoko du Xbox kontsoletan.
Roblox plataforma berrietara iritsiko da datorren hilabetean. Roblox Corporation enpresak San Frantsizkon egindako Roblox Developer Conference ekimenean jakitera eman duenez, urrian PlayStation 5 eta PlayStation 4 kontsoletako bertsioak merkaturatuko dituzte.
Horrela, 150 milioi jokalari gehiagorengana iritsiko direla aldarrikatu dute arduradunek. Orain arte argitaratutako ezaugarriekin eta erremintekin merkaturatuko dituzte PSko bertsioak: “PS5 eta PS4 kontsolen erabiltzaileek Roblox bizipenen katalogo osoaz gozatu ahalko dute”.
Ez dira funtzionaltasun gutxi jatorrizko PCko bertsioa 2006an estreinatu zela kontuan hartuz gero. Ordutik hona bai garatzaileek, bai komunitateak sortutako ehundaka aukera eta modalitate jaso ditu bideojokoak. Izan ere, sormen tresnak dira Robloxen ezaugarri ezagunenetakoak: jabeek diotenez, bost milioi sortzailek erabili dituzte erremintok.
Edonon sortzen
Jokalari kopuruari dagokionez, 200 milioi igaro dira bideojokotik. Ez da harritzekoa, doakoa baita; halere, ordainpeko edukiak biltzen ditu. Ordenagailuetako bertsioaz gain, Android zein iOS gailu mugikorretan ere joka daiteke Robloxen.
Xbox One kontsolak ere jaso zuen berezko bertsioa 2015. urtean: gaur egungo Xbox Series kontsolan joka daiteke, gainera. Aspalditik eguneratu gabe dago Microsoft-ekoen bertsioa; zorionez, PlayStation kontsoletan Roblox kaleratzearekin batera, Xboxeko jokoa zaharberrituko dutela aipatu dute arduradunek.
Eguneratutako Xbox bertsioak “itxura, erabiltzaile esperientzia eta edukien gomendio eraberrituak zein eguneraketa gehiago” jasoko ditu.
Robloxen ezaugarriei zein hauek izan ditzaketen arriskuei buruz mintzatu ginen Game Erauntsian “Bideojokoak haurrekin eta gazteekin” erreportaje sortako hirugarren atalean.
PlayStation bertsioak nahiz Xbox kontsolako eguneraketa urrian kaleratuko dira.
Iruzkinak