RoboCop: Rogue City Teyon garatzaile poloniarraren eskuetan egongo da, eta lehen hiru filmetako gidoia jarraitzen duen “istorio guztiz berria” aurkeztuko du.
80ko hamarkadan ezagutzera emandako polizia robota bideo-jokoetara itzuliko da hainbat urtez desagertuta egon ondoren. Ez da egia, zaleek azken aldiz Mortal Kombat 11-an ikusi zuten-eta, baina Robocop-ek ez du joko propiorik izan 2014an filmen sagaren remakearengatik kaleratutako abenturetatik. Nacon argitaletxeak 2023rako agindu du Alex Murphy poliziaren hurrengo abentura.
RoboCop: Rogue City izenpean, Poloniako Teyon estudioak garatuko du. “Istorio guztiz berria” edukiko du abentura honek, baina remakea albo batera utzita jatorrizko hiru filmeetan ikusitako gidoiaren jarraipen zuzena izango dela agindu dute arduradunek.
Xehetasun handirik eman gabe, teaser laburra kaleratu dute iragarpena egiterakoan. Bertan film klasikoetan ezagututako “etorkizuneko” Detroit ikus daiteke. RoboCopen diseinua ere azaltzen da bertan, eta ikus daitekeenez betiko itxura mantenduko du Rogue City honetan.
Ez da Tenyo akziozko film klasikoak bideo-jokoetara eramateaz arduratzen den lehen aldia: Terminator: Resistance edota Rambo: The Video Game tiro jokoak garatzaile poloniarren lanak dira, esate baterako. Ramborenak ospe eskasa eduki zuen arren, Terminatorren obrak balorazio onak lortu zituen zaleen artean.
Iruzkinak