Hainbat plataformetan jokatzen dutenek aurrerapen guztiak elkarbanatzeko aukera izango dute.
Uda bukatzear da, baina Psyonixek uztailean agindu zuena betetzeko prest dator. Rocket League doako jokoa izango da bihartik aurrera PC, Playstation 4, Xbox One eta Switchean.
F2Pra igarota hainbat berritasun gehituko dituztela azaldu dute garatzaileek. Denboraldi berriari hasiera emango diote, eta txapelketa lehiakorrak ere abiaraziko dituzte. Erronka zein objektu berezien pack berriak ere gehituko dituzte futbola eta autoak batzen dituen jokora.
Doakoa izaten den egun berean plataforma berri batean estreinatuko da Rocket League: Epic Gamesek Psyonix erosi zuen duela urtebete, eta hori horrela, jokoa Epic Games Storean kaleratuko dute. Steametik kanpo geratu da bideojokoa, baina Valven plataforman erosi zutenek jokatzen jarraitu ahal izango dute.
Horri lotuta berritasun bat nabarmendu dute Psyonixekoek. Rocket Leaguera plataforma bakar batean baino gehiagotan jokatzen dutenek egiten dituzten aurrerapen guztiak plataformen artean elkarbanatu ahalko dituzte. Guzti hori egiteko baina, Epic Gameseko erabiltzailea edukitzea derrigorrezkoa izango da, beste plataforma batean jokatu arren.
Rocket Leaguen bizi berriari hasiera eman eta F2Paren bideari ekiteko eguneraketa kaleratuko dute bihar bertan: mezuak, objektuak, zailtasun mailak eta beste hainbat eduki gehituko ditu.
Iruzkinak