Bakarkako zein binakako doako futbol partidak eskaintzen ditu Psyonix Studios-en auto ezagunekin; oraingoan bi dimentsiotako planora igaro dira.
Rocket League-k arrakasta ikaragarria lortu du azken urteotan: 2015ean estreinatu arren indar betean jarraitzen du PC-rako eta kontsoletarako jokoak, ehundaka jokalari bilduta. Orain, gailu mugikorretara iritsi da oinarrizko mekanikak pixkat aldatzen dituen Sideswipe-ekin.
Android eta iOS sistema eragileetara iritsi den bertsio honek hiru dimentsioak alboratu —jostagarritasun mekanikei dagokienez, behintzat—, eta bi dimentsioetara igarotzen da. Hori horrela, ukipen pantailentzako prestatutako kontrolekin jatorrizko jokoan ikusitako antzeko mugimenduak eta jokaldiak egin ahalko dira: turboak, jauziak eta itzulipurdiak erabil daitezke autoekin golak sartzeko.
Kaos handiegia sor ez dadin, baina, jokalari kopurua mugatu behar izan dute: Sideswipen bakarkako 1vs1 partidak edota binakako 2vs2 partidak jokatu ahal dira soilik, ohiko 3vs3 edo 4vs4 lehiak alboratuta. Joko motei dagokienez, futbol partida arruntak nahiz Hoops izeneko saskibaloi motako norgehiagokak joka daitezke mugikorretarako bertsioan; Rumble, Dropshot eta beste joko mota batzuk kanpoan geratu dira, momentuz behintzat.
Autoak pertsonalizatzeko aukera gaineratu dute bertsio honetan, noski. Rocket League originalean bezala norbere autoaren itxura aldatzeko hainbat aldagai eta aukera desberdin gehitu dituzte Psyonixekoek: modeloa, pinturak, txapelak, turboak eta bestelakoak alda daitezke. Eduki estetiko berriak lortzeko ohiko loot kaxak eskuratu beharko dira, edo hauengatik ordaindu.
Sideswipe aspalditik jokatu zitekeen garatzaileek egindako probaldietan, baina gaurtik aurrera edonork eskura dezake. Play Store zein App Store saltoki digitaletatik jaitsi daiteke, doan. Epic Games Store-ko erabiltzailearekin jatorrizko jokoan egindako jarraipena partekatu daiteke mugikorretarako bertsioarekin.
Iruzkinak