Metroidvania klasikoak roguelite mekanikekin bateratzen ditu. Cellar Door Games-en jokoak bi urte bete ditu sarbide goiztiarrean.
Rogue Legacy titulu independente maitatuaren jarraipenak behin betiko argitaratze data jaso du azkenik: Rogue Legacy 2 apirilaren 28an kaleratuko dutela baieztatu dute Cellar Door Gamesekoek.
Egun horretan argitaratuko dena abenturaren 1.0 bertsioa izango da; alabaina, jokora aspalditik joka daiteke, sarbide goiztiarrean eskaintzen baitute. Orain bi urte merkaturatu zuten garatzaileek, eta ordutik hona komunitatearekin batera jokoa fintzen eta edukiak gehitzen aritu dira.
Argitaratze data jakitera emateko prestatu duten trailerrean laburbildu dituzte hainbat ezaugarri. Bi urte hauetan eguneraketa txikiak nahiz espantsioak kaleratu dituzte, beraz jokalari hasiberriek eduki mordoa aurkituko dute. Azkenengo Dragon’s Vow eguneraketarekin, esate baterako, bioma berria, bi pertsonai mota, erlikiak eta abileziak gaineratu zituzten.
Lehenengo jokoarekin hasitako ibilbidea jarraitzen du bigarren Rogue Legacyk: bi dimentsioko abentura honetan gaztelu erraldoia esploratzeari ekingo diogu. Hori bai, hiltzen garen bakoitzean hasieratik hasi beharko gara, roguelite baten aurrean gaude-eta: pertsonaia berriarekin ekingo diogu, hildakoaren oinordekoa izango dena. Oraingoan, ordea, eskuratutako erlikiei esker abilezia eta ahalmen iraunkorrak gordeko ditugu.
Teddy Lee jokoaren zuzendariak egindako lan erraldoia nabarmendu du: “Rogue Legacy 2rekin gure buruari jarri genion helburua Rogue Legacy 3 bat egitea zen”.
Xbox Series zein One kontsoletara iritsiko da titulua, baita ordenagailuetara ere; azken honen kasuan Steam nahiz Epic Games Store saltokien bidez eskura daiteke. Are gehiago, Epicekoak lehenengo bideojokoa oparitzen dabiltza: apirilaren 14ra arte duzu doan lortzeko.
Iruzkinak