Ezpatak, pistolak, borroka biziak, narratiba eroa eta biolentzia mordoa uztartuko ditu PC, PS5 eta Xbox Series gailuetan.

Grasshopper Manufacture estudioak Romeo is a Dead Man tituluaren argitalpen data zehaztu du. 2026ko otsailaren 11n estreinatuko da Suda51 garatzaile japoniarraren titulu berria.

Hirugarren pertsonako ikuspegian jokatzen den akziozko hack and slash abenturaren aurrean gaude: Sudaren berezitasuna, alegia. No More Heroes, Killer is Dead edo Lollipop Chainsaw berezien bidea jarraitzen du Romeo is a Dead Manek, akzio ikusgarria, umore mordoa eta odola batuta.

Romeo Stargazer-en rola jokatuko dugu. Ia hil ondoren, Dead Man bihurtuko da: espazio-denboran zehar unibertso desberdinetako bilauen bila —baita Juliet neskalaguna aurkitu nahian— ariko den FBI erakundeko agente berezia. Konboz betetako duelu bizkor eta dinamikoak, ezpatak zein pistolak… eta, tira, bideoan ageri denez, mecha robotak ikusiko protagonistarekin batera.

Plataformak ere baieztatuta ditugu, noski: ordenagailuetan eta PlayStation 5 zein Xbox Series kontsoletan estreinatuko da Grasshopperren titulua, esan bezala, otsailaren 11n.