Zelda, Diablo eta Thimbleweed Park elkartzen dituen jokoa dela dio Terrible Toybox taldeko arduradunak.
Monkey Island, Maniac Mansion edo Thimbleweed Park maitatuen arduradun Ron Gilbert bideojoko berriaren garapenean dabil buru belarri. Abentura grafikoak alboratu, eta oraingoan akziozko RPG titulua ekarriko digu.
Izenik gabeko proiektua Mastodon sare sozialaren bidez ezagutzera eman du, baita Terrible Toybox estudioaren webgunetik ere.
Xehetasun gutxi eskaini ditu sortzaile ezagunak, lehen irudietatik at. Deskribapen laburrean, baina, jokoaren inspirazio iturri nagusiak aipatzen dituzte: Zelda eta Diablo uztartzen dituen obra daukate buruan, tartean Thimbleweed Parken unibertsoa hartuta.
Bi dimentsioko ikuspegi isometrikodun abentura biziko dugu. Atal estetiko koloretsuarekin, irudiotan herrixkak, basoak nahiz ziegak ageri dira, misioak eskainiko dizkiguten pertsonaia mordoarekin batera. Ez da puzzle askorik azaltzen, baina, Gilberten ibilbidea ezagututa, ziurrena umorez betetako oztopoak aurkitzea da.
Martxoan iragarri zuten garapen prozesuaren hasiera, baina garapen motorea txukuntzen ibili dira nagusiki; hau egin ahala, jokoaren elementu guztiak sortzeari ekingo diote.
2024an argitaratzeko asmoa aipatzen dute Terrible Toyboxekoek; edo ez, “bideojoko garatzaileak ezagututa 2025era joan daitekeela” ere diote, umore puntuarekin. Plataformak zehaztu gabe dituzte oraindik.
Iruzkinak