Beñat Ramos eta Itziar Zorrakin arduratu dira Dust Games katalanaren jokoa ofizialki euskaratzeaz. PCan joka dezakegu.
Robot xurgagailuak, armak, puxikak eta kaosa ardatz dituen Roombattle festa jokoa euskaraz joka daiteke azken eguneratzearekin.
Itzulpena ofizialki inplementatu du Dust Games talde katalanak; izan ere, Beñat Ramos eta Itziar Zorrakin Game Erauntsiako kideek abiatutako elkarlanari esker gozatuko dugu gure mintzairan.

Jokalariek edo makinak kontrolatutako sei robot ariko dira, gehienez, Roombattlen borroketan lehiatzen. Proposamena sinplea da: ikuspegi isometrikoan gidatuko dugu gure xurgagailua, aurrean arma bat —arkatzak, labanak edo Kirby-ren izar makila, tartean— duelarik, eta, atzealdean, arerioek lehertu beharreko puxika. AEBetan horrenbesteko arrakasta eduki zuten Battlebots lehien ideia bereganatzen duela esan daiteke, baina, robotak suntsitu beharrean, ideia alaiagoa hartuta.
Hots, partidak koloretsuak, dibertigarriak eta kaotikoak izango dira. Etxebizitzetan, museoetan edo jatetxeetan biziko ditugu borrokak, toki bakoitzeko altzariak, lapikoak edo artelanak suntsituta eta airean jaurtita, aurkariak harrapatu nahian gabiltzalarik. Mailek berezko elementuak dituzte: museoko koadroek portale gisa funtzionatuko dute, adibidez.
Jokoa palankarekin eta bi botoirekin soilik joka daitekeenez, publiko guztientzako aproposa dela diote egileek; are gehiago, aginte gabe dabiltzanek mugikorra konekta dezakete —baita teklatua ere— partidara gehitzeko. Denbora gehien bizirik irautea eskatzen duen joko mota arruntarekin batera, puxika gehien lehertzea, arau moldatzaileekin jokatzea edo minijokoetan lehiatzea dira Roombattlek proposatutakoak: futbolean, lasterketetan edo erritmo jokoetan ariko gara, adibidez.
Bideojokoa martxoan estreinatu zen, sekulako balorazioak eskuratuta erosi dutenen artean. Euskara zein minijokoak azken gaurkotzearekin gaineratu dira Roombattlen.
PCan joka ditzakegu Roombattlek proposatutako partida eroak; zehazki, Steam plataforman eros daiteke euskaratutako bideojokoa.

Lander Unzueta
Iruzkinak