GeForce RTX 3090, 3080 eta 3070 GPUak aurkeztu ditu fabrikatzaileak. Irailean eta urrian kaleratuko dira.
Kontsolen belaunaldi berria iristear dela, Nvidiakoek PCko jokalarientzako txartel grafikoen etorkizuna aurkeztu dute. Geforce RTX 30 seriarekin 8K eta 60fps-etara heltzea izango da Nvidiaren helburua, baina bidean beste hainbat ezaugarri berezi ekarriko dituzte PCra.
GeForce RTX 3090, 3080 eta 3070 Turing arkitekturaren eboluzioa den Amperen oinarritutako grafikak dira. Nvidiatik agindu dutenez RTX 20 seriearekin alderatuta errendimendua bikoiztu egingo dute, eraginkortasun energetikoa hobetzen duten aldi berean.
GPU merkeenetik hasita, Geforce RTX 3070a aurreko belaunaldiko 2070a baino %60 bizkorragoa izango dela adierazi du fabrikatzaileak. 519 eurotara salduko da urritik aurrera, eta serieko ahulena izan arren 4K-ko bereizmenera jokatzea ahalbidetuko du. Urrian kaleratuko da, argitaratze data zehatzik gabe.
Kaleratzen den lehen GPUa, baina, Geforce RTX 3080a izango da: irailaren 17an iritsi da saltokietara. 10 GB GDDR6X-ko VRAMarekin eta 19 Gb/s-ko banda zabalerarekin datorren belaunaldiko bideojokoak 4K eta 60fps-etara mugituko ditu.
Azkenik benetako munstroa erakutsi du Nvidiak. Geforce RTX 3090ak 24 GB GDDR6X-ko VRAM edukiko du: GPU horrekin 8K-ko bereizmena duten bideojokoen munduan sartuko dira PCko jokalariak, 60 frame segundutara noski. Irailaren 24ean merkaturatuko da.
GeForce RTX 3090 | GeForce RTX 3080 | GeForce RTX 3070 | |
GPUa | Ampere GA102-300 | Ampere GA102-200 | Ampere GA104-300 |
Litografia | 7 nm | 7 nm | 7 nm |
CUDA nukleoak | 10.496 | 8.704 | 5.888 |
VRAM | 24 GB GDDR6X | 10 GB GDDR6X | 8 GB GDDR6 |
Banda zabalera | 19,5 Gb/s | 19 Gb/s | 16 Gb/s |
Gomendatutako argindarra (Wattiotan) | 750 | 750 | 650 |
Prezioa | 1.549 euro | 719 euro | 519 euro |
Argitaratze data | Irailaren 24a | Irailaren 17a | Urria |
Aipatutako prezioak Nvidiak finkatutakoak direla nabarmendu beharra dago, GPUen fabrikatzaileak prezio propioak ezarriko dituzte-eta. RTX 30 serieari buruzko informazio guztia batu du Nvidiak bere webgunean. Horrez gain, Digital Foundry bezalako kanalek grafika berrien inguruko lehen iritziak argitaratu dituzte: bertan ikus daiteke GPU hauek eskaintzeko duten indar guztia.
Iruzkinak