Ekainean merkaturatuko dituzte biak. Saltokietan denbora gutxi irautea aurreikusten da.
Nvidiak Computex 2021 azokan egindako aurkezpen handiko protagonistak izan dira, zalantzarik gabe, RTX 3000 serieko txartel grafiko berriak. Oraingoan 3080aren eta 3070aren bertsio hobetuak merkaturatuko ditu erraldoi estatubatuarrak: 3080 Ti eta 3070 Ti. Biak hilabete honetan kaleratuko dituzte.
RTX 3080 Ti-a izango da helduko den lehena. Bihar bertan merkaturatuko dute 1.199 dolarretako preziora. Aurreko bertsioaren errendimendua hobetzera dator, baina RTX 3090ak eskaintzen duena gainditu gabe.
RTX 3070 Ti-a egun batzuk beranduago kaleratuko dute: ekainaren 10ean erosi ahalko dela diote Nvidiakoek 599 dolarren truke.
GeForce RTX 3080 Ti | GeForce RTX 3080 | GeForce RTX 3070 Ti | GeForce RTX 3070 | |
VRAM | 12GB GDDR6X | 10GB GDDR6X | 8GB GDDR6X | 8GB GDDR6 |
CUDA nukleoak | 10.240 | 8.704 | 6.144 | 5.888 |
RT nukleoak | 80 | 68 | 48 | 46 |
Tensor nukleoak | 320 | 272 | 192 | 184 |
ROP-ak | 112 | 96 | 96 | 96 |
Kontsumoa | 350W | 320W | Baieztatu gabe | 220W |
Prezioa | 1.199 dolar | 699 dolar | 599 dolar | 499 dolar |
Merkaturatze data | Ekainak 3 | – | Ekainak 10 | – |
Ikusteko dago baina txartel grafiko hauek zenbat iraungo duten saltokietan, edo erosteko aukerarik egongo den. Izan ere GPUen prezioak gorakada nabarmena jasan du azken hilabeteetan kriptomonetak mehatzatzeko erabiltzen direlako; horri erdieroaleen eskasia gehitu behar zaio gainera, bigarren eskuko merkatuan sekulako prezioetara saltzera iritsi arte. Hori horrela, azken GPUak merkaturatzean eskuratzea benetan zaila izan da erosleentzat.
Ray tracinga eta DLSSa joko gehiagotan
Txartel berriak iragartzearekin batera horien ezaugarri bereziak joko gehiagotara iritsiko direla iragartzeko aprobetxatu dute Nvidiakoek.
Ray tracinga da dudarik gabe jokalariak gehien txunditzen ari den ezaugarria, eta dagoeneko argitaratutako hainbat jokotarako prestatzen ari dira: The Ascent, Doom Eternal, DYING : 1983, Icarus, LEGO Builder’s Journey eta The Persistence aipatu dituzte Nvidiakoek. Isla efektuak hobetuko dituzte joko horietan, sekulako efektuak lortuta. Doom Eternalekin hobekuntza grafikoa erakusteko aurkezpena prestatu dute:
DLSSak, bestalde, bereizmen kalitatea hobetu egiten du errendimenduan eragin handirik izan gabe. AMDk FidelityFX Super Resolution izeneko antzeko ezaugarriaren argitaratze data iragarri du azoka berberean, baina Nvidiak bere funtzioan lan egiteko asmoarekin jarraitzen du.
Adimen artifizialaren bidez funtzionatzen duen ezaugarri hau Battlefield, Call of Duty, Control, Crysis, Cyberpunk, Death Stranding, DOOM, Final Fantasy, Fortnite, Marvel Avengers, Metro, Minecraft, Monster Hunter, Outriders, Red Dead Redemption, Tom Clancy’s Rainbow Six, Tomb Raider, War Thunder, Watch Dogs eta Wolfenstein bezalako lanetan gehitu dute edo gaineratuko dute etorkizunean.
Iruzkinak