DLSS 3.0 zein RTX Remix teknologiekin batera erakutsi dituzte. Portal izpien trazadura erabiliz jokatu ahalko dugu azaroan.
Agindu bezala, Nvidiakoek GTC ekimena egin dute enpresaren berritasun guztiak aurkezteko asmoarekin. Ekitaldian erakutsitakoen artean bideojokozaleen arreta erakarriko duten txartel grafikoen belaunaldi berria dago; izan ere, 4000 seriea azkenik iragarri du Nvidiak. Zehazki, RTX 4080 eta 4090 txartel grafikoak ezagutzera eman dira.
Ada Lovelace izeneko seriearen lehen GPU-ak izango dira hauek: arduradunaren arabera, aurreko Ampere serieko baliokideen errendimendua bikoiztu egingo dute errasterizatutako bideojokoen kasuan. Bikoiztu edo laukoiztu, izpien trazadura —raytracing— erabiltzen duten tituluetan.
RTX 4080 txartelaren kasuan, bi modelo desberdin egongo dira: 12GB-eko memoriaduna eta 16GBekoa. RTX 4090 bakarra egongo da, ordea: 24GBeko GDDR6X memoria edukiko du. Goazen txartel hauen guztien zehaztapen teknikoak ezagutzera:
RTX 4090 24GB | RTX 4080 16GB | RTX 4080 12GB | |
---|---|---|---|
GPU | AD102 | AD103 | AD103 |
Transistoreak | 75B | ? | ? |
Txiparen tamaina | 611mm² | 380mm² | 380mm² |
CUDA nukleoak | 16384 | 9728 | 7680 |
Erlojuaren abiadura | 2.52GHz | 2.51GHz | 2.61GHz |
Memoriaren interfazea | 384-bit | 256-bit | 192-bit |
Memoriaren zabalera | 1018GB/s | 742GB/s | 557GB/s |
Korrontearen erabilera | 450W | 320W | 285W |
Beharrezko PSU-a | 850W | 750W | 700W |
PSU kableak | 3x 8-pin | 3x 8-pin | 2x 8-pin |
Prezioa | 1.959€ | 1.469€ | 1.099€ |
Argitalpen data | Urriak 12 | 2022ko azaroa | 2022ko azaroa |
Xehetasun teknikoetan sakontzearena Digital Foundry-ko lagunei utziko diegu. Erabiltzaile arruntak lehenengo ikusiko duena prezioa da, eta Nvidiakoek polemika eragin dute komunitatearen artean beste batez. 1.959 euro balioko ditu RTX 4090 txartelak; 1.469 euro, berriz, 16GBko RTX 4080ak; azkenik, 12GBko 4080a 1.099 eurotara salduko da.
Ez dira batere merkeak, argi dago. Hori horrela, oraindik RTX 3000 serieko txartel grafikoak saltzen jarraituko dutela adierazi dute arduradunek. Hauen prezioek ere zeresana izan dute azkenaldian: meatzerako erabilitako txartelon ohikoa baino hiru edo lau aldiz gehiago balio izan dute merkatuan, orain gutxira arte behintzat.
GPUekin batera, beti bezala, teknologia eta ezaugarri berriak jakitera emateko aprobetxatu dute Nvidiakoek. Nabarmenena DLSS teknologiaren 3.0 bertsioa da: eguneraketak jokatzerakoan “irudi berriak” sortuko dituela azpimarratu dute arduradunek.
Horrela, errendimendua nabarmen hobetuko da, CPU-ak zein GPUak lan gutxiago egin beharko baitu. Frame edo irudi berri hauek, ordea, latentzian eragin handia edukiko dute: hori zuzentzeko aurretik eskuragarri dagoen Reflex teknologiaz baliatuko dira. Cyberpunk 2077 bezalako jokoetan 4K-ra izpien trazadurarekin jokatzerakoan 22 fps-etatik 85 fps-etara igaro ahalko gara DLSS 3.0ri esker —Nvidiakoen arabera, behintzat—.
RTX Remix ere iragarri zuten atzo. Teknologia honi esker bideojoko zaharren birmasterizazioak ikustea inoiz baino errazagoa izango da. Kalitate handiko testurak eta izpien trazadura gehitzea ahalbidetuko du honek, baita bloom, zelai sakontasun eta laino bolumetrikoen efektuak gaineratzea ere. Guztia, ezer garatu gabe: Remixek egingo luke lan guztia.
Honen funtzionamendua erakusteko bideojoko berezia kaleratuko dute, gainera: Valve-n Portal maisulanak RTX bertsioa jasoko du Nvidiarekin elkarlanean. Trailerra ikusita, egia esan, Remix teknologiaren emaitzak sekulakoak direla esan daiteke. Portal with RTX doan estreinatuko da jatorrizko jokoa dutenentzat azaroan.
AMD-k ez du atzean geratu nahi
Nvidiaren aurkezpenaren ostean, honen aurkari zuzenak bere produktu berriak ezagutzera emateko ekimena iragarri du: AMDk azaroaren 3an aurkeztuko ditu RDNA 3 teknologian oinarritutako txartel grafikoak.
Ezer gutxi dakigu GPU berrien inguruan; hori bai, aurreko belaunaldiko txartel grafikoekin alderatuta errendimendua % 50 aregotuko dela agindu dute AMDkoek. Ez da gutxi. Informazio guztia jakiteko, eta hauen argitalpen data zein prezioa ezagutzeko, azarora itxaron beharko dugu.
Iruzkinak