Metroidvania jokoak Wario-ren abenturekin uztartuko ditu. Martxoaren 20an estreinatuko da dconn taldearen lana ordenagailuetan.

Obra zoroak eta proposamen benetan bitxiak izaten dira, sarritan, garatzaile independenteen lanik onenak, eta halako zerbait proposatzera dator dconn estudioa Rubato bereziarekin.

Plataformak, metroidvania ukituak eta collect-a-thon erronkak bilduko ditu, deskribapenean irakur dezakegunez. Wario Land 4 maitatuaren estetika nahiz ideiak bereganatuko dituela ikus daiteke… hauek biderkatuta.

12.012. urtera bidaiatuko dugu: igel bilakatuta, elkar konektatutako bost maila zabal esploratzea izango da helburua, lasterbideak desblokeatuta 2D jokagarritasunarekin. Hori… eta askoz gehiago: azaltzea zaila da, beraz bideoak ikustea da onena, Rubatok era guztietako minijokoak eta erronkak aurkezten ditu; gainera, fisikei lotutako mekanikekin jokatzen du tituluak.

Egoera zoroetan parte hartuko du igel protagonistak: mihiarekin kulunkatzen, DJ lanetan, UFO gainean, xurgagailuarekin mailetan barreiatutakoak biltzen, autoan behiak zapaltzen, mailak editatzen, Arkanoid-en jokatzen, Mode 7 erako hiru dimentsioko munduak zeharkatzen… broma gutxi Rubatorekin.

Indie itxurosoak kaleratze data zein doako demoa dauzka: martxoaren 20an argitaratuko du dconnek Steam plataforman; bertan aurkituko dugu deskargatzeko proba.