Shedworks garatzailea mundu irekiko esplorazio eta plataforma abentura prestatzen ari da PCrako eta Xboxerako.
Gregorios Kythreotis eta Daniel Fineberg garatzaileek eratutako Shedworks estudioak garatzen ari den lan desiratuaren trailer berria aurkeztu du Summer of Gaming ekimenaren baitan. Bertan jokalariek Sablen ikusiko dituzten mekanika nagusiak eta mundu eder zein berezia erakutsi dituzte arduradunek.
Lehen aldiz 2018ko E3an iragarritako bideo-joko honek begirada guztiak erakarri zituen lehen unetik bere atal estetiko miragarriagatik. Hiru dimentsiotako mundu irekia esploratuko dute hemen jokalariek erritmo lasai batekin, Cel Shading teknika erabilita Moebius komikigile frantsesak marraztutako irudiak gogora ekartzeko.
Basamortu amaiezin batean ariko da Sable izeneko protagonista bere motor hegalariarekin: ohiko biziraupen eta mundu irekiko mekanikak agertuko dira bertan. NPCek agindutako hainbat misio gainditu beharko ditugu ordainsariak lortzeko, baina aldi berean aspaldi ahaztutako misterioak ikertzeari ekingo diote jokalariek: antzinako hondakinak, suntsitutako espaziontziak eta monumentuak aurkituko ditu planetatik sakabanatuta.
Narratiba sakona edukiko duela agindu dute Shedworksekoek, eta abenturan zehar hainbat erabaki hartu beharko dira. Ez da borrokarik egongo, baina bai puzzle sinpleak. Hori bai, norbere esku egongo da horiek gainditzea: garatzaileek ez direla derrigorrezko eginkizunak izango diote. Motorra pertsonalizatzeko aukera egongo da lortzen joandako piezekin.
Sablek ez dauka argitaratze datarik, baina arduradunek 2021ean merkaturatzea aurreikusten dute. Plataformak bai daude baieztatuta, ordea: PCan zein Xbox Series eta Xbox One kontsoletan kaleratuko da indie abentura hau.
Iruzkinak