Shedworks garatzailea eta Raw Fury banatzailea prestatzen ari diren abenturan esplorazioa eta plataformak izango dira nagusi.
Garapena hainbat urtez luzatu ondoren, Sable misteriotsu eta erakargarriak azkenik jaso du argitaratze data. 2018an iragarritako bideo-jokoa irailaren 23an estreinatuko du Shedworks estudioak PCrako, Xbox Seriesetarako eta Xbox Onerako.
Sable gaztearen kontrola hartuko dute jokalariek. Midden-eko lurraldeetako ohiturarik garrantzitsuenak maskaren ingurukoak dira. Mundu guztiak darama bat, eta egokia aukeratzea heldutasunera ailegatzeko prozesuaren parte da. Horren barnean dago The Gliding deitutako erritua: motor hegalaria hartuta gazteek mundu zabala esploratzeari ekingo diote maskara desberdinak aurkitu eta beraientzat aproposa dena aukeratzeko.
Erritu horretan era guztietako misterioak argitu eta antzinako lurrak esploratuko dituzte. Tenpluak, hondakinak, espaziontziak eta bestelako guneak zeharkatuko dituzte maskaren bila dabiltzan jokalariek, horietan askotariko pertsonaiak aurkituta. Hauek bete beharreko helburu desberdinak jarriko dituzte, eta adibidez motor hegalaria hobetu eta eraldatzeko piezak eskainiko dituzte, beste hainbat ordainsariren artean.
The Legend of Zelda: Breath of the Wild gogora ekartzen duen jostagarritasun mekanikak bilduko ditu Sablek. Oinarria esplorazioa izanik eskalatzea behin eta berriz egingo den zerbait izango da, abentura lasaia eta baketsua izanik Gregorios Kythreotis eta Daniel Fineberg sortzen ari diren bideo-jokoa. Izan ere, ez da borrokarik biziko jokoan zehar. Puzzle sinpleak eta gidoi interesgarria agintzen dute garatzaileek.
Esan bezala, Sable PC eta Xbox kontsoletan estreinatuko da. Ohiko saltokietan aurkitzeaz gain, Xbox Game Pass harpidetza zerbitzuan eskuragarri egongo dela gogoratu dute arduradunek.
Iruzkinak