Istorio osoa hiru lagunekin batera sarean gozatzeko aukera eman dute. Doako eguneraketa baten bidez jokatu daiteke joko mota honetara.
Sackboy: A Big Adventure PlayStation 5aren argitalpeneko joko erakargarrienetako bat izan da. Plataforma abentura klasikoetan ikusitakoa jarraitzen duen lan bikaina prestatu dute Sumo Digitaleko garatzaileek. Hasiera batetik lagunekin jokatzea posible zen arren, tokiko multijokalarian egin zitekeen soilik; hori aldatu egin da dagoeneko estreinatutako eguneraketa berriarekin.
Lau lagunek online jokatu ahal dute multijokalarira: abentura osoa batera gainditzeko aukera izango dute eguneraketarekin. “Lehen egunetik proiektu honekin izan dugun asmoa jokalari bakarrarentzako plataforma esperientzia bikaina eskaintzea izan da. Baina… esperientzia hori lagunekin partekatuta are hobea bilakatzea nahi izan dugu”, azaldu du Ned Waterhouse Sumo Digitaleko sormen zuzendariak PlayStation Blogean.
Online multijokalariaren ezaugarriez baliatzeko hamar maila berri gehitu dituzte gainera, bi mundu bakoitzerako. Talde lana eta komunikazioa sustatzeko bereziki sortutako mailak direla dio Waterhousek: “irabazteko lagunen arteko elkarlana ezinbestekoa izango da”.
Mugimendu eta keinu gehiago ere jaso ditu jokoak multijokalariaren harira. Taldekideak jotzeko eta heltzeko aukera egongo da, baina baita besarkadak, bostekoak eta bestelakoak ematekoa ere. Guzti hauek aurretik desblokeatu egin beharko dira.
Bukatzeko, ahalik eta pertsona gehienek batera jokatu ahal izatea ziurtatzeko lana egin dutela aldarrikatu du sormen zuzendariak. Sackboy: A Big Adventure PS5ean estreinatzeaz gain PS4an ere kaleratu zuten, eta bi kontsoletako jokalariek elkarrekin aritzeko bidea edukiko dute plataforma arteko jokoari esker. Gordetako partidak plataformen artean pasatzeko aukera ere gehitu dute.
Iruzkinak