PC, PlayStation 4, Switch, iOS eta Androiderako kaleratuko dute datorren urtean.
Jatorrizko PlayStationean estreinatu ziren JRPG klasikoen artean SaGA Frontier da agian ezezagunenetarikoa, mendebaldean gutxienez. Hala ere, bideojokoak baditu bere zaleak, eta horiei zuzendutako SaGa Frontier Remastered iragarri du Square Enixek.
Abentura honetan jokalariek protagonista desberdinen artean aukeratu beharko dute. Bakoitzak bere istorio propioa dauka, misio eta helmuga desberdinekin. SaGa Frontier originalean zazpi heroi egoten ziren, baina birmasterizaziorako zortzigarren pertsonaia gehituko dute, Fuse izenekoa, abentura are bereziagoa prestatzeko.
Protagonista berriaz gain birmasterizazioak bereizmen handiko grafikoak, borroketarako abiadura handiko ezaugarria eta jatorrizko jokoan azaltzen ez ziren jarduera eta zinematikak aurkituko dituzte jokalariek.
SaGa Frontier Remastered formatu digitalean kaleratuko dute datorren urteko udan. Plataformei dagokienez PC, PS4, Switch, iOS eta Androiden eskuratu ahalko da JRPG bikain honen bertsio eraberritua.
SaGarena ez da Square Enixek egunotan egindako iragarpen bakarra izan: Nintendo DSko The World Ends With You JRPG famatuaren jarraipena iragarri zuen joan den astean.
Iruzkinak