Salt and Sanctuary sarituaren jarraipena iaz estreinatu zen PlayStation plataformetan eta Epic Games Store saltokian.
Ska Studios argitaletxeak Salt and Sacrificen Nintendo Switch kontsolako nahiz Steam plataformako bertsioen kaleratze data zehaztu du: azaroaren 7an merkaturatuko dute Devoured Studios-en soulslike bideojokoa.
Izenez ezagutzen ez baduzu, ziur lehen atalari buruz entzun duzula, FromSoftware-koen Dark Souls, Elden Ring edo Bloodborne abenturen zalea bazara, behintzat: 2016. urtean argitaratutako Salt and Sanctuari maitatuaren jarraipen zuzena da Sacrifice. Are gehiago, berez iaz kaleratutako bideojokoa da: orain arte PlayStation kontsoletan zein EGS saltokian saltzen izan da esklusiboki.
Horrela, antzeko jokagarritasun mekanikekin topo egingo dugu bigarren obran. Esandako soulslike estiloa 2D estilora darama, bai estetika aldetik, bai jokagarritasunetik. Galdutako erresumako inkisidorean bilakatuko gara: gure jaioterria suntsitu duten aztiak ehizatzeari ekingo diogu, horretarako hainbat kokaleku zeharkatuz.
Esplorazioarekin girotzeko anitzeko tokiak, etsai gogorrak zein sekretuak aurkituko ditugu. Mundu zabala eta labirintikoa aurkezten digu Salt and Sacrificek, eta ez da erraza izango osorik ezagutzea.
Laguntza jaso dezakegu, zorionez: online kooperatiboarekin lagun —edo ezezagun— batekin joko osoa gainditzeko aukera edukiko dugu. Ez hori bakarrik, jokalarien arteko PvP borrokak ere proposatuko dizkigu Devoured Studios taldeak.
Balorazio onak jaso zituen bideojokoak iaz kaleratu zenean, baina lehen jokoaren parera iristea lortu gabe. Hala ere, souls joko berri baten bila dabiltzanentzat aproposa izan daiteke.
Esan bezala, Salt and Sacrifice azaroaren 7an jokatu ahalko dugu Switchean edo PCan, azken honen kasuan Steam bidez. Epic Games Storeko bertsioa argitaratuta dago jadanik, baita PlayStationekoa ere.
Iruzkinak