Epic Games Storeko esklusibo bezala hasiko du ibilbidea fantasia ilunezko ziega esplorazioak.
Azken bertsioa prestatzen ari diren bitartean Darkest Dungeon 2k sarbide goiztiarra izango duela iragarri du Red Hook Studios garatzaileak. Datorren urtean emango diote hasiera, zehaztu gabeko egun batean.
Iragarpena teaser trailer batekin egin dute. “Munduari beldurra edukitzeko” diote bertan; argi dago bigarren Darkest Dungeon honek ere gupidagabeko abenturak ekarriko dituela. “Salbazioa espero beharrean guk geuk bilatu beharko dugu, irabazi, gure ahultasunak edozein direla ere”.
Ziegak esploratzerako orduan “hobetutako borroka sistema eta metagame guztiz berriztatua” prestatze ari direla nabarmendu dute garatzaileek, “munstro, etsai eta erronka berriekin”.
Abentura berria spritekin sortu beharrean estilizatutako hiru dimentsioetako modeloekin garatzen ari dira. Trailerra Unityrekin eginda dagoela azaldu dute, jokoan egongo diren modeloak erabilita.
Darkest Dungeon 2 Epic Games Storeko esklusiboa izango da hasiera batean. Sarbide goiztiarra bertatik ere egingo da. Ez dute kontsolatarako bertsiorik aipatu.
Iruzkinak