Housemarque eta PlayStation Returnal bikainarekin egindakoa errepikatzera datoz. Roguelike mekanikak tiroekin eta bullet hell erronkekin elkartuko ditu PS5ean.
Saros State of Play aurkezpenetik igaro da lehen jokagarritasun bideoa eskaintzeko. Akzio eta tiro bideojokoa datorren urteko martxoaren 20an estreinatuko du Housemarque estudioak PlayStationen babespean.
Lehen trailer zinematikoarekin argi utzi bazuten ere, jokagarritasunak Returnal ikaragarriaren oinordekoa dela are ozenago aldarrikatu du. Hirugarren pertsonako ikuspegiarekin, eklipsean murgildutako Carcosa planeta aldakorra erantzunen bila esploratuko du Arjun Devraj protagonistak.
Jauziak, bulkadak eta armategi estralurtar zabalak eskainitako akzio frenetikoa saihestu beharreko dozenaka energia izpi eta bolekin batuko ditu Sarosek, Returnalek egin bezala. Dueluak errazteko abileziak eskuratuko ditugu oraingoan: adibidez, ezkutuarekin defendatzeko eta arerioen tiroak xurgatzeko aukera daukagu. Horiek bueltan itzul ditzakegu, sarraski handiak eraginez.
Roguelike elementuak itzuliko direla dirudi, nahiz eta garatzaileek ez dituzten zuzenean aipatzen. Partida bakoitzean egindako aurrerapenak “iraunkorrak” izango direla diote, “heriotza bakoitzetik indartsuago” itzuliko garela adierazita. Gainera, bigarren aukera deitutako abilezia ere aipatzen da: behin ahalmena desblokeatuta, hil arren, partidetan bigarren bizitza bat edukiko dugula dirudi, eta, ez hori bakarrik, boteretsuagoak izango gara.
Gidoia misteriotsua eta ulergaitza izango da berriro, itxura batean, baina oraingoan Nitya Chandran bezalako pertsonaien laguntza eta azalpenak jasoko ditugu. Returnal ikaragarri gustatu zitzaigun Game Erauntsian —hemen analisia—, eta Saros esperientzia hura hobetzera datorrela dirudi.
PlayStation 5 kontsolako esklusiboa izango da, oraingoz, martxoaren 20an kaleratuko duten Saros.
Iruzkinak