1.0 bertsioa munduaren, errezeten eta ikerketen berrikuntzekin etorriko da, baita errendimendu optimizazioekin ere.
Coffee Stain estudioak Satisfactory arrakastatsuaren behin betiko bertsioaren data iragarri du: irailaren 10ean sarbide goiztiarra atzean utziko du kudeaketa eta artisautza bideojokoak.
Bost urte iraun dituen early access fasea, hain zuzen ere. Polemika artean jaio zen Satisfactory: Epic Games Store plataformako esklusiboetako bat izan zen —estreinatu aurretik Steamen iragartzen zen arren—, garatzaileek esklusibotasunaren atzean dirua zegoela aitortuz. Ondoren, 2020an, Steam saltokira iritsi zen azkenik.
Kexen artean, baina sekulako iritziak lortuz heldu zen: gaur egun Steameko erabiltzaileen artean “aparteko balorazioak” biltzen ditu, plataformako onenen artean kokatuz. Une honetan 15.000 jokalari bildu ohi ditu egunero.
Ez da harritzekoa, PCko jokalarien artean horren arrakastatsua izaten ari den proposamena eskaintzen baitu. Baseak, edo, hobe esanda, lantegiak eraikitzen eta kudeatzen ariko gara: baseen sorkuntza, biziraupena, artisautza, automatizazio prozesuak eta mundu irekia biltzen ditu. Errezeta erakargarria, hortaz.
1.0 bertsioa era guztietako berrikuntzekin estreinatuko da irailean, nahiz eta sarbide goiztiarrean hainbat eta hainbat adabaki ikusi ditugun. Garatzaileek hainbat aurreratu dituzte, baina gehiago datozela ere nabarmendu gura izan dute.
Hasteko, mundu irekian baliabide guneak gehituko dituzte; gainera, errezeten balioak eraldatuko direla ere aipatzen dute egileek; bukatzeko, ikerketak sinplifikatzeko eguneraketak ikusiko ditugu.
Errendimenduan hobekuntzak datoz, nola ez: Unreal Engine 5 erabiltzen ikasteko denbora eduki dutenez, denetariko optimizazio aldaketak ikusiko ditugu behin betiko bertsioaren kaleratzearekin. Zerbitzarien kudeaketa errazteko zuzenketak dira, azkenik, Coffee Staingoek adierazitakoak: zerbitzari dedikatuak hobetuko dituzte.
Etzira arte sarbide goiztiarreko prezioa —30 bat euro— mantenduko dute garatzaileek, baina hortik aurrera prezio igoera jasango du tituluak: 40 eurotan salduko dute.
Satisfactoryren 1.0 bertsioa irailaren 10ean merkaturatuko da PCan.
Iruzkinak