Mundu abstraktu ederrarekin sortutako hiru dimentsiotako plataforma abentura da. PC-rako eta kontsoletarako argitaratzea aurreikusten du Ewoud van der Werf garatzaileak.

Herbehereetan sortutako abentura erakargarri zein berezia da SCHiM indie abentura. Itzaletatik mugitzea izango da bere ardatz nagusia, baina aurretik ikusi gabeko modu batera. Izan ere, Ewoud van der Werf-ek sortutako lan honetan 3D mundu koloretsua zeharkatu beharko da egunerokotasunean aurkitu daitezkeen izaki bizidun zein objektuen gerizpeaz baliatuta.

Jokalariek Schim baten kontrola hartuko dute bertan: objektu edo izaki bizidun baten izpiritu eta arima, zehazki. Kasu honetan gizaki baten galdutako Schim-a izango da protagonista. Arima ezin daiteke inoiz gorpuarengandik banatu, eta beraz berandu izan baino lehen bere gizakiarengana itzultzea izango da bete beharreko helburu nagusia.

Zuhaitzak, kaioak edota elefanteak bezalako animalia txiki zein handiak, sehaskak, haurrak erabiltzen dabiltzan zabuak eta imajinatu daitekeen beste edozein gauzaren itzala erabili beharko da beraz aurrera egiteko. Bata bestetik salto egin beharko da, gerizperik gabeko lurzoruak saihestuta. Maila bakoitzak bere gai propioak, objektuak, istorioa eta animazioak edukiko ditu.

Argitaratze data zein prezioa zehaztu gabe dauzka oraindik van der Werfek. Plataformei dagokienez, PCrako baieztatuta dago, Steam eta Itch.io saltokien bidez; PS5, PS4, Xbox One eta Switch kontsoletan kaleratzeko asmoa agertu du, baina oraindik ziurtatu gabe daude port horiek.