Ayose Trujillo garatzaileak basamortura eramango gaitu bigarren jokoarekin, artefaktu zahar baten bila aritzeko.
Making Enemies estudioak eta Devilish Games argitaletxeak Scholar Adventure abentura grafikoaren bigarren atala aurkeztu dute. Lost Night izenarekin, premisa berria proposatuko du, ofizialki euskaraz estreinatuta.
Dune filme berrien estetika gogorarazita, basamortuan kokatuko gaitu tituluak. Scholar Adventure: Mystery of Silence originalean gidatu genuen William protagonista itzuliko da, Azig-eko eta bere piramide handiko misterioak, gizarte sekretuak eta etengabeko eguzkiak gordetzen dituenak argitzeko gogotsu.
Hiru edo lau ordutan gainditzeko moduko abentura txikiarekin errepikatuko du berriz Ayose Trujillo sortzaileak: partida bakarrean osatzeko moduko istorio zirragarria eskaini nahi die jokalariei, aurrekoak horren ondo funtzionatu ostean. Point-and-click abentura klasikoen espiritua berreskuratuta, puzzleak eta hizketaldiak izango dira abenturaren ardatza, gidoiarekin batera. Pixel art ederrarekin, sortzaileak PowerQuest deitutako tresna erabili du jokoa sortzeko Unity garapen motorearen baitan.
2027an estreinatuko da Scholar Adventure: Lost Night; arduradunek, data oraindik guztiz finkatu gabe utzi dute. Plataformak bai zehaztu dituzte: ordenagailuetan, egungo kontsoletan nahiz gailu mugikorretan kaleratzeko lanean dabiltza.
Originala ere, euskaraz
Jarraipenaren zain gaudela, lehen Mystery of Silencez goza dezakegula gogoratzeko modukoa da. Urte hasieran iritsi zitzaigun, lehenik PCko bertsioarekin, ondoren mugikorretan eta kontsoletan estreinatzeko. Abentura grafikoen zaleek benetan eskertu duten titulu txikia da, Steam plataforman nota itzelak eskuratuta.
Ez hori bakarrik: originalean ere euskaraz joka daiteke. Ania Elosegi eta Beatriz Diaz arduratu ziren itzulpenaz, jokoa ofizialki euskaratuta argitaratuz.
Lander Unzueta
Iruzkinak