Switch, PS5 eta Xbox Series gailuetan ikusiko dugu Making Enemies estudioaren abentura grafikoa. Ania Elosegiri eta Beatriz Diazi esker joka daiteke gure hizkuntzan.

Scholar Adventure: Mystery of Silence kontsoletan estreinatuko da uztailaren 3an. Switch, PlayStation 5 eta Xbox Series gailuetarako port-ak euskaraz ofizialki helduko direla baieztatu dio Devilish Games argitaletxeak Game Erauntsiari.

Making Enemies estudioko Ayose Trujillo garatzailearen abentura grafikoa kontsola desberdinetara moldatuko da, modu horretara. William idazlea gidatzeari ekin beharko diogu. inspirazio bila dabilela, abade etxe zaharrean barneratuko da. Isiltasun botoa egin duten apaizen artean girotzen da abentura; nola ez, sekretu eta misterio artean sekretu iluna ezkutatzen dute egoiliarrek.

Abentura grafiko klasikoen pausoak jarraituta, inguruneak arakatzen eta objektuak biltzen ariko gara Williamekin: hauek abade etxeko bizilagunei galderak egiteko eta bestelako sekretuak argitzeko erabili beharko dira. Saga berri baten lehen atala dela aldarrikatu du arduradunak: beraz, etorkizunean Scholar Adventure gehiago ikusi beharko genituzke.

Trujillok PowerQuest tresna erabili du Mystery of Silence garatzeko, Unity garapen motorearekin batera. Euskaratzeaz, berriz, Ania Elosegi eta Beatriz Diaz arduratu dira. Lokalizazio ofiziala denez, jokoaren hizkuntzen menuan hautatu beharko dugu gurea.

PCko bertsioa urtarrilean iritsi zen, balorazio apartak eskuratuta Steam plataforman. Martxoan, berriz, Android eta iOS bertsioak ikusi genituen. Scholar Adventure: Mystery of Silence uztailaren 3an ailegatuko da Switch, PS5 eta Xbox Series kontsoletara. Euskaraz joka daiteke plataforma guztietan.