Kultuzko beat ‘em uparen hamargarren urteurrena ospatzeko bertsioa prestatzen ari dira PC, Xbox One, PS4, Switch eta Stadiarako.
Scott Pilgrim urtarrilaren 14an itzuliko da kontsoletara. Scott Pilgrim vs. The World: The Game – Complete Edition azpitituluarekin, orain hamar urte kaleratutako jokoaren behin betiko bertsioa izango da.
Bryan Lee O’Malleyk sortutako komikiaren istorioa jarraitzen du kolpez betetako kutsu klasikodun beat ‘em up honek. Komikigileak jokoaren garapenean parte hartu zuen gainera, retro estiloko zinematikak prestatuz.
Abentura honetan Scott Pilgrim eta bere lagunen kontrola hartuko dute jokalariek. Komikian eta filmean gertatu bezala, Ramona Flowersen zazpi bikotekide-ohien aurka egin beharko dute. Lau jokalarik parte hartu ahal izango dute atal grafiko bidimentsionala daukan beat ‘em upean. Bertsio berri honek jatorrizko obrarako argitaratutako eduki guztiak batuko ditu, Knives Chau eta Wallace Wells pertsonaiak gehituz abenturara.
Jarraitzaileen artean kultuzkoa bihurtu den bideojokoa 2014. urtean saltoki digitaletatik ezabatua izan zen lizentzia arazoen ondorioz, eta Ubisoftekoak hau berreskuratzeko lanetan ibili izan dira. Urtarrilaren 14an PC, Xbox One, PS4, Switch eta Stadia plataformetan estreinatuko da.
Iruzkinak