PC, PS5 eta Xbox Series gailuetan estreinatu da Milestone italiarraren jokoa.

Turboak eta derrapeak ardatz dituen arkade lasterketa joko berria estreinatzen da gaur: Screamer.

Anime estetika, norgehiagoka hilgarriak, kanpaina sakona, multijokalari modalitateak eta gehiago prestatu ditu Milestone estudio italiarrak (Ride, MotoGP). Screamer txapelketan barneratuko gara: anbizioa zein mendekua protagonista dituen istorioa biziko dugu bertan.

Botere eta ahalmen desberdinak dituzten gidarien eta autoen artean hautatuta, mekanika freskoak proposatzen dituzten lasterketetan lehiatuko gara. Sinkronizazio elementua da garrantzitsuena: martxaz aldatzerakoan trebezia erakutsiz gero, turboak edo ezkutuak aktibatzeko aukera daukagu; are gehiago, erasoak eta kanporatzeak ikusiko ditugu dueluetan. Echo system izeneko mekanikak ezkutatzen duen overdrive izeneko mugimendu berezia da izar nagusia, Mario Kart-en izarraren antzeko zauritu ezintasuna eskainiko baitigu.

Horrela, lasterketek helburu desberdinak proposa ditzakete: helmugara lehenengo iristen denak irabaz dezake, edo, erronkaren arabera, kanporatze gehien, derraperik luzeenak edo teknika zehatza erabiltzea lortzen duen jokalariak, bakarka zein taldeka parte hartuta.

Kanpainarekin batera, noski, arkade lasterketa arruntak, erlojupekoak, puntuazio erronkak zein multijokalarira bideratutako modalitateak biltzen ditu jokoak: tokiko zein plataforma arteko sareko joko motak ikusiko ditugu.

Proposamen freskoa eta berezia dakar, beraz, Screamer itxurosoak. PC, PlayStation 5 eta Xbox Series plataformetan eskura dezakegu dagoeneko.