From Softwarek egindako azken lanak azken urteetako ibilbidea jarraitu egiten du, aldaketa nabarmenak gehitzen dituen aldi berean. Dark Souls eta Bloodborne bezalako jokoen arima dago hor, baina girotze guztiz desberdin batetik hasita, erritmo eta jokatzeko modu propioak dituen bideojokoa sortu dute Sekirorekin.
“Joko hau zailegia da”. Zenbatek pentsatuko genuen horixe bera Hidetaka Miyazakiren Soulsborne obretako batera aritzerakoan. Zailtasun maila gupidagabe horrekin From Softwarekoek azpigenero propioa sortu zutela esan daiteke: azken urteetan Dark Soulsen oinarritutako hainbat joko ikusi ditugu, izan ere. Behin eta berriz hiltzea izan da joko horietako lelo nagusia, jokalari aditu asko etsipenera eramatea lortuta.
Zoratzeko zailtasun horrekin aurrera egin dutenetako askok, baina, errebelazio unea jasan dute azkarrago edo beranduago. Nik neuk kokaleku eta etsai berberak etengabe errepikatzerakoan barneratutako mugimendu eta erantzun horiek azkenean klik egin, eta bideojokoa transformatzen nabaritu izan dut, From Softwaren jarraitzaile sutsuan bihurtuta. Ordutik aurrera abentura beste modu batera hartu eta arerio anker horiek horren errukigabeak ez direla ikusi izan dut, eta bidezko borroketan parte hartzen aritu naizela ulertu.
Guzti hori maila berri batera eramaten du Sekiro: Shadows Die Twicek. Aurreko jokoetan ezagututako mekanikak asko sinplifikatzen dira samurai, ninja eta mitologia japoniarreko munstroen abentura honetan. Ez dugu build edo mota desberdinetako pertsonaiak sortzeko lan egingo, ez garelako ezpata, lantza, aizkora, kasko eta armaduren bila ibiliko: katana eta abenturan aurkituko ditugun arma berezi gutxi batzuk izango dira gure heroiaren laguntza bakarra.
Desbideraketak eta kontraerasoak
Borroka guztiek erritmo bizia eta azkarra dute, etengabe erasotzea saritzen baita Sekiron. Izan ere From Softwarekoek mekanika eraberritzailea sortu dute jarrera barrarekin. Eraso bakoitzarekin bizi barra hustutzeaz gain etsaiaren jarrera barra betetzen joango gara; jarrera hausterakoan arerioa babesgabe utzi, eta eraso hilgarria egin ahalko diogu. Berdin dio bizi barra osoa badu, jarrera hautsita kolpe bakar batez akatuko dugu-eta; halere jarrera haustea errazagoa da etsaiak bizi gutxiago duenean. Ez da gauza bera gertatzen etsai nagusiekin, hainbat bizi barra baitituzte. Gure pertsonaiari ere antzekoa gertatu ahal zaio, denbora gehiegi defendatzen ematen badu jarrera apurtu eta babesteko aukerarik gabe geratuko baita.
Hala ere, kolpe hilgarri hori eskuratzeko modurik eraginkorrena desbideraketa teknika menperatzean datza. Parryak soulsborne jokoetako mekanika aurreratuenetakoa ziren, baina Sekiron berebiziko garrantzia hartzen dute. Azken unean etsaiaren kolpeaz defendatuz gero hori desbideratu egingo dugu, jarrera barran eraginda. Abenturan aurrera egin ahala desbiderapen mota aurreratuak ikasiko ditugu, eraso zehatzei aurre egiteko balioko dutenak.
Aipatutako mekanikek bat-bateko borroka ikusgarriak eratzeko balio dute. Eraso eta kontraerasoen dantzak izango dira ikusiko ditugunak, eta samuraien filmetan gertatu bezala aurkariak kolpe zehatz batekin hilko dira. Borrokaldi bakoitza gozamen hutsa da, eta gure abilezia maila hobetzen joatea eskatuko digute aurrera egin ahala. Ez da benetan atsedenik hartzeko unerik egongo, gero eta erronka handiagoekin topo egiten joango garelako.
Ezpatarekin batera Sekirok bere beso protesikoa erabiliko du. Ashinako lurretatik besoarentzako tresna desberdinak aurkituko ditugu: ninja baten oinarrizko shurikenetatik hasita su-jaurtigailuak, daga pozoitsuak edota aizkorak gehituko ditugu armategira. Bakoitzak etsai mota zehatz batentzako abantailak eskainiko ditu: shurikenak adibidez jauzi egiten duten etsai azkarrentzako hilgarriak dira. Guzti horiek material desberdinak erabilita hobetzen joango gara. Modu horretara jokatzeko estilo desberdinetara egokituko dira jokalariak; une bakoitzean hiru tresna soilik eraman ahalko dira soinean. Horiekin batera abilezia bereziak daude: desblokeatu beharreko kolpe eta ahalmen hauek borroka latzenak gainditzeko laguntza baliagarria izango dira. Horien artean aldatzen joateko soulsbornetako sutzar eraberrituak ditugu: eskultorearen idoloak. Bertan atseden hartu eta pertsonaiarengan aldaketa txikiak egingo ditugu. Halere, tresna zein abileziak mugatuta egongo dira, horiek erabiltzeko aurkitu beharreko enblemak xahutu beharko baitira.
Ez da benetan atsedenik hartzeko unerik egongo, gero eta erronka handiagoekin topo egiten joango garelako.
Sekiro ninja bat izanik, ezkutuan ibiltzeko baliabideak ere edukiko ditu. Kokalekuek bertikaltasun maila handia dute, eta edonondik ibili ahal izaterakoan etsaiak ezustean harrapatu eta akatzeko aukera egongo da. Kontu handiz ibilita kokalekuetako etsai gehienak borrokatu gabe hilko ditugu. Mugikortasun aldetik ziztu bizian mugituko da Sekiro: nekatzeko aukerarik gabe korrika eta saltoka aritzeaz batera gakoa erabilita urruneko lekuetara iritsiko da.
Nabarmentzeko azken mekanika jokoari izena ematen diona da: Shadows Die Twice. Ninja protagonistak bi bizitza izango ditu partida bakoitzean; arerio batek akatu egiten badu berpiztu egin ahalko da. Batzuetan etsaiak konturatu gabe suspertu eta ihes egin edo isilpean akatzeko aukera egongo da. Etsai nagusien aurka, esaterako, borroka jarraitzeko bidea izango da. Hildakoan, esperientzia puntuak eta dirua galduko ditugu; oraingoan ez dago horiek berreskuratzeko modu zuzenik, baina galdutako baliabideen kopurua ez da horren gogorra.
Beti bezala, abenturako oztoporik zailena izango dira etsai nagusiak. Errukigabeak baina zoragarriak, forma eta tamaina guztietakoen aurka egingo dugu. Niretzako gogoangarrienak gizakien kontrako lehiak dira: katana edo beste armak erabilita sortzen diren talka horiek hobeto funtzionatzen dutela deritzot, eta errazago jarraitzen diren borrokak izan ohi dira, aldi berean ikusgarriagoak izanik. From Softwaren joko baten aurrean egonik borrokaldi horiek behin eta berriz errepikatu beharko ditugu ziur asko, baina daukaten intentsitateari esker inoiz ez dira gogaikarriak suertatuko. Dena dela, ez dut nabaritu ezinezkoa egin daitekeen etsai nagusi baten aurrean nagoenik, Dark Soulsetan askotan gertatu zaidan zerbait: Sekiroren oinarrizko mekanikak ikasten hasita borrokak zorrotzak baina lorgarriak egingo zaizkigu. Zailtasun maila handiagoa gura dutenek jokoa gainditu ostean partida berria hasi beharko dute. Une horretan ohartuko gara izatez zailtasun maila errazean jokatzen ari garela, eta pertsonaia bati objektu bat emanda borrokak beste maila batera igaro egiten direla.
Aipatutako guztiarekin argi dago etenik gabeko erritmoa daukan jokoaren aurrean gaudela. Esperientzia puntuak lortu eta mailaz igo ahal den arren, ez dugu denbora askorik galduko menuetan murgilduta. Miyazakiren beste jokoetan etsai arrunten aurkako borrokak errepikatzeak azkenerako gogaitu egiten badu ere, Sekiron benetan dibertigarriak dira, eta azkenerako ahalik eta ibilbide ikusgarrienak egitea lortzeko entrenatzen ibiliko gara.
Hilezkortasuna eta elezahar japoniarrak
Narrazio aldetik ere berritasunak datoz From Softwaren zaleentzat. Ohi bezala kontatzen den istorioaren xehetasun gehienak pertsonaiekin hitz eginda eta objektuen deskribapenak irakurrita ezagutaraziko dituzte. Hala ere, oraingoan ez gara hildako erreinu batean egongo. Ashinako lurrak gerratean bizi badira ere bertako bizilagun asko ezagutuko ditugu: samuraiak egongo dira noski, baina baita nekazariak, merkatariak, monjeak eta pertsonaia misteriotsuagoak ere. Sekiro ez da protagonista mutua gainera, eta bere nortasun propioa dauka.
Mitologia japoniarra zertzelada historikoekin nahasten du gidoiak. Sekirok babestu behar duen Kuro gaztea oinerdiko jainkotiarra da: pertsona hilezina. Berari laguntzeko abenturan murgilduta, hasiera batean nahiko galduta ibiliko gara, Miyazakarirekin beti gertatu modura. Dena dela laster batean gertatzen ari den gehiena oso argi izango dugu, narrazioa ez baita horren kriptikoa egiten. Aldaketa horiek eskertzekoak dira alde batetik, baina aurreko jokoetako gidoia horren bereziak egin zituzten elementuak faltan botatzen dira.
Sekiroren oinarrizko mekanikak ikasten hasita borrokak zorrotzak baina lorgarriak egingo zaizkigu.
Ashina eta bere inguruak edertasunez beteak daude; behin eta berriro aho zabalik utziko gaituzte, gerra eta beste kalamitate batzuk jasan dituzten arren. Gaztelu japoniar erraldoiak, loretan dauden gereziondoz betetako basoak, tenplu budista eta sintoista ikusgarriak… girotze lana bikaina da, eta elezaharretako Japonian murgiltzea gozamen hutsa izango da: eguzkiaren sorrera ematen den herrialdearen zaleek primeran pasako dute Sekikoren kokalekuak ezagutzen. Atal grafiko sinplea, baina zaindutakoa dauka Fromen jokoak, eta pertsonaietan zein kokalekuetan egindako lana aparta da.
Gauza bera gertatzen da soinu bandarekin. Instrumentu japoniarrak erabilita sortua, Yuka Kitamura konposatzailearen partiturek girotze lana osatzen dute. Une bakoitzerako konposizio aproposak eratu dituzte, bai kokaleku zehatzetakoak zein etsai nagusien aurkako borroketakoak.
Bere alde txarrak ere baditu bideojokoak. Orokorrean kamerak ondo funtzionatzen badu ere, borroka askotan finkatutako etsaia bistatik galduko dugu; horri esker merezi gabeko kolperen bat edo bi jasoko ditugu ziurrenik. Abenturaren azken orduetan errepikatzen diren une asko ikusiko ditugu. Izan ere, etsai nagusietako askoren aurka egin beharko da berriz, beste izen batekin edo aldaketa batzuekin. Gauza bera gertatzen da kokalekuekin, bukaerarantza jazoko diren gauza garrantzitsuenak dagoeneko esploratutako guneetan gertatuko baitira: aldaketa txikiak dituzten arren toki berrien falta asko nabaritzen da. Esate baterako, gune zehatz bat hiru biderrez errepikatu beharko dugu osorik, eskultorearen idoloak berriz aktibatuta eta guzti. Drakogripea eta laguntza ikusezina bezalako mekanikak garrantzitsuak dirudite hasiera batean, baina azkar batean sinpleegiak direla ohartuko gara eta ez diegu arreta handirik eskainiko.
Baina kexa horiek azkar ahaztuko dira bideojokoak eskaintzeko duenarekin. Sekirok jokalaria gatibatzea lortzen badu jokoa bukatu arte samurai, ninja eta munstro japoniarren mundu zoragarrian guztiz murgilduko da. Orain gutxi estreinatutako doako Game of the Year Edition eguneraketak jokoa dagoeneko gainditu dutenentzako berritasun interesgarriak dakartza: jantziak, jokalarien mamuak eta etsai nagusien aurkako borrokak errepikatzeko joko mota gehitzen ditu, baina baita etsai horietako batzuen bertsio zailak ere. Jokoko erronkarik latzenak dira, baina Sekiroz gozatu dutenentzako aitzakia aproposa da Ashinara berriz bueltatzeko.
From Softwarek eta Miyazakik sortutako jokoen bidea jarraituta, abentura fresko eta desberdina dakar Sekirok. Erritmo bizi eta zirragarriak gatibatu egiten du. Samuraien film eta manganimeen zaleentzako gozamen hutsa da, baina publiko guztientzako abentura ikusgarria garatu dute japoniarrek. Aukera emanez gero, azken urteetako jokorik borobilenetakoa eta berezienetakoa aurkituko duzu Shadows Die Twicengan.
Iruzkinak