Hello Games-ekoek beren abentura polemikoa handitzen jarraitzen dute. Doan iritsi da PC-ra eta kontsoletara.
No Man’s Sky espazioko abenturak are eduki gehiago jaso ditu. Hello Games indie estudioak Sentinel deitutako eduki gehigarria aurkeztu eta kaleratu du: borroka sistema nahiz arerioak eraberritu dituzte espantsioarekin.
Modu horretara, jokoan biziko ditugun borrokak “dinamikoagoak eta zirraragarriagoak” izango direla azpimarratzen dute garatzaileek. Armak, objektuak eta hobekuntzak aipatzen dituzte PlayStation Blog-ean; horien artean nabarmentzekoa da kontrola daitekeen robot erraldoia.
Hardframe deitutako gailu honekin laserrak erabili, gar botagailuarekin etsaiak kiskali eta borroka zelaitik hegan ibil ahalko gara. Tiroketa sinpleetatik arerioak suntsitsera igaroko gara horrela.
Armategi aldetik tresna desberdinak guztiz eraberritu dituzte garatzaileek: laser arruntetik hasita Scatter Blaster-era, guztien itxura zaharberritu, efektuak hobetu, argiztapena aldatu eta bestelako aldaketak gehitu dituzte Hello Gamesekoek.
Are gehiago, borroka sistema berriarekin etsaiak zorabiatu edo erre daitezke, beste hainbat efekturen artean. Komunitateak aspalditik eskatzen zituzten aldaketak direla aipatzen dituzte artikuluan, beraz eskertzeko eguneraketa izango da Sentinel. Nola ez, guzti horrekin batera misio berriak eta erronkak gehitu dituzte.
2022an eguneraketa gehiago kaleratzen jarraitzeko asmoa agertu dute arduradunek. Iazko urtea oso probetxugarria izan zela uste dute, eta aurten erritmo berbera mantendu nahi dute.
No Man’s Sky Sentinel PC, PlayStation 5, PlayStation 4, Xbox Series eta Xbox One plataformetara iritsi da jada. Hala ere, azken Nintendo Direct aurkezpenean Switch-erako bertsioa iragarri zutela gogoratu beharra dago: udan estreinatuko da kontsola hibridoan.
Iruzkinak