Hobekuntza teknikoak gehituko dizkio iaz argitaratutako abentura originalari. Xbox Series eta PC plataformetarako adabakia prestatuko dute Ninja Theory-ko garatzaileek.
Senua’s Saga: Hellblade 2 PlayStation 5era iritsiko dela jakinarazi du Ninja Theory estudioak. Hobekuntzak dakartzan Enhanced Edition bertsioa prestatzen dabiltza uda honetarako.
Berritasunak guztiz zehaztu gabe utzi dituzte egileek. DualSense agintearen ezaugarri bereziez baliatuko dira oraingoan, baina ez dugu besterik ezagutzen: atal grafikorako aldaketak izango direla suposa daiteke, baina edukiren bat edo beste ere gehi dezakete.
Hellblade: Senua’s Sacrifice originala PlayStation 4an eta PCan ikusi genuen jatorriz, beranduago Xbox One-ra heltzeko. Ninja Theory Xbox Game Studios taldearen barnean egotera igaro zen 2018an, baina, bigarren atala berdeen etxeko jokoan bilakatuta. Mugimendu bitxia, garatzaile britainarraren lehen joko handia PlayStation 3ko lehen esklusiboetako bat izanik: Heavenly Sword mitikoa.
Horrela, Xboxen beste esklusiboetako bat PlayStationera doa, Forza Horizon 5, Sea of Thieves, Hi-Fi Rush, Pentiment, Grounded, Age of Empires II: DE edo Age of Mythology: Retold Sony-ren kontsoletara eraman ondoren. Abuztuan, gainera, Gears of War: Reloaded ere ikusiko dugu.
Hellblade 2ren lehen urteurrenean egin dute iragarpena: iaz Xbox Series eta PC gailuetan kaleratu zuten Senuaren bidaia gogorraren bigarren atala. Iragarri dutenez, Enhanced Edition honetako berrikuntzak ez dira PlayStation 5era mugatuko: beste bi bertsioetan inplementatuko dituzte doako gaurkotzearekin.
Senua’s Saga: Hellblade 2 Enhanced Edition udan estreinatuko da PS5ean.
Iruzkinak