Sephiroth gaur helduko da ofizialki Super Smash Bros. Ultimatera

Lander Unzueta | 2020/12/23 11:00 Berriak



Masahiro Sakurai zuzendariak pertsonaiari buruzko xehetasun guztiak eman ditu. Fighters Pass Vol. 2ko hirugarren borrokalaria da.

Super Smash Bros. Ultimateko borrokalari berriaren iragarpena izan zen orain egun batzuk egindako The Game Awardsetako albiste harrigarrienetakoa. Cloud protagonistaren ostean Final Fantasy VIIko bigarren pertsonaia bat gehitu da Nintendoren borroka jokora: Sephiroth bilaua.

Masahiro Sakurai zuzendariak pertsonaia berri bat heldu aurreko ohiko aurkezpenekin jarraitu du: gaurtik aurrera Sephiroth SSB Ultimateko 78. pertsonaia izango da ofizialki.

Hala ere, Sephiroth aldez aurretik eskuratzea posible izan da jokalarientzat. Sephiroth bilaua izanik Sakuraik hori aldarrikatzeko erronka berezia sortu zuen: Sephiroth Challenge. Erronka Sephirothen DLCa edo Fighters Pass Vol. 2a erosi dutenentzat agertu izan da azken egunotan eta hori gainditzen zutenek pertsonaia desblokeatu izan dute. Bilauaren aurkako borroka latza irabazi beharko zen horretarako. Gaurtik aurrera erronka berezia desagertu egingo da.

Ultimaten zuzendariak 37 minutuko aurkezpena prestatu du oraingoan. Sephirothen mugimendu guztiak azaltzeko aprobetxatu du bertan, sortzaile taldeak hartutako erabakiak nabarmenduz eta erreferentzia bereziak aipatuz. Katana luzea dauka Final Fantasykoak, baina ezpataria izateaz gain JRPG sagan erakutsitako hainbat magia berezi erabiliko ditu Smashen.

Nola ez, kokalekua ere gehitu dute bilauarekin batera. Final Fantasy VIIra jokatu ez dutenentzat spoilerrak datoz baina: jokoaren azken borrokak lekua hartzen duen Northern Caven borrokatzeko aukera egongo da. Bertan rol jokoaren azken uneetan jazotako gertaerak azalduko dira. Bestalde, Square Enixen bideojokoko abestiak gaineratu dituzte: bederatzi kanta berri jasoko dituzte jokalariek, horietako lau bertsio berriak izanik.

Mii borrokalarientzako jantziak ere ikusiko dira gaur Sephirothen etorrerarekin. Oraingoan FF VIIko pertsonaiak gehitu dituzte: Barret, Tifa eta Aerith bezala janzteko aukera egongo da, baita Super Mario RPGko Genoren arropekin ere.

Sephiroth Switcheko jokoaren Fighters Pass Vol. 2ko hirugarren borrokalaria da Min Min eta Minecrafteko pertsonaien ondoren. Sei egongo dira guztira: horiek elkarrekin eros daitezke 29,99 euro ordainduta, baina banaka erosteko aukera ere badago 5,99 euroren truke.

Game Erauntsia facebook


Iruzkinak

Mesedez, sartu iruzkina utzi ahal izateko.

Steam konexioak huts egin du...

Azken erantzunak

Beñat 2024ko mar. 26a, 20:15

Erabat ados Journeyri buruz esandakoarekin. Ea laster Flower hasi eta bukatzeko aukera dudan, bere unean, lehen maila probatu besterik ez bainuen egi…
Journey: bizitza, bidai [Analisia]

Ibai Aizpurua 2024ko mar. 14a, 11:18

Analisi ederra! Ea noiz hartzen dudan denbora joko honetan jolasteko. Oso Amanita zalea naiz!
Creaks

lowena 2024ko urt. 13a, 01:02

Eastward originala bikaina izango luke euskaraz, nere ustez :3
Persiako printzea, Hawaiiko yakuza-k eta Tekken t…

muturbeltz 2023ko aza. 28a, 15:30

Lehenago switchean pasa det baina berriz pasatzeko gogoa ematen didate zure itzulpenek. Eskerrik asko lanagatik.
Mendi Zerutiarra: Celeste-ren igoeraz euskaraz go…