Microsoften aurkezpena garatzaile txikiagoak prestatzen ari diren lanetan ardaztu da nagusiki. Assassin’s Creed Valhalla, Dirt 5 eta The Medium bezalako jokoak erakutsi dituzte.
Microsoftek bere kontsola berriaren lehen bideojokoak aurkeztu ditu gaur arratsaldean. Xbox Series Xren lehen gameplay bideoak aurkeztuko dituela iragarrita, ekitaldi digitala Xbox Inside baten bidez egin du.
Aurkezpena, baina, bideojoko berri horiek bere baitan erakusten izan dituen bideoen faltan egon da. Hainbat izan dira Microsoftek lehen aldiz erakutsitako bideojokoak, baina aurkezpena Redmondeko enpresatik kanpo dauden garatzaileen jokoez osatuta egon da.
Berritasunen artean nabarmentzekoak dira Dirt 5, The Medium survival horror beldurgarria, Raw Furyk sortutako Call of the Sea, Bandai Namcoren Scarlet Nexus, The Ascent izeneko cyberpunk RPGa, Deep Silverren Chorus espazio ontzi jokoa eta Second Extinction shooterra.
Dagoeneko iragarrita zeuden jokoen artean Bright Memory shooter izugarria, Vampire: The Masquerade – Bloodlines 2ren trailer berria, Scorn beldurgarria, Yakuza: Like a Dragonen Xboxerako iragarpena eta Assassin’s Creed Valhallaren lehen “gameplaya” erakutsi dituzte.
Datorren belaunaldiko lehen gameplay bideoak agindu ostean, zaleak gehiago ikusteko gogoarekin geratu dira. Aaron Greenberg Xboxeko Marketing arloko buruak Inside inguruan "itxaropen handiegiak" ezarri zituztela txiokatu du.
Microsoftek uda garaian ekitaldi digital gehiago egingo dituela nabarmendu du. Horietan Xboxeko arduradunek garatutako bideojokoak ikustea espero da.
Iruzkinak