Bitarteko Lurretan abentura berriak prestatzen dabiltza FromSoftware eta Bandai Namco.
Elden Ring maisulanak lehen urteurrena bete du: hori ospatzeko, Bandai Namcok bideojoko arrakastatsuaren lehen eduki gehigarri handia iragarri du. Shadow of the Erdtree izenarekin, “elkarrekin zeharkatzeko bide berria” proposatuko digu.
Egia esan, xehetasun gutxi eman dituzte espantsioaren inguruan. Izenaz gain, irudi bakarra ezagutarazi dute FromSoftwareko garatzaileek. Zaleen artean espekulazioak eta istorioak zabalduko dituen marrazkia, noski.
Usteldutako Erdtree zuhaitza ikus daiteke irudian: hortaz, Elden Ringen osteko edo aurreko istorioa kontatuko digula pentsa daiteke. Are garrantzitsuagoa da, baina, azaltzen den pertsonaia: Miquella —edo Marika, agian?— dirudien pertsona agertzen da, gure Torrent fidelaren gainean.
Elden Ringen gidoia ezagututa, oraindik argitzeko asko geratzen da; beraz, narratiba berriarentzako tokia egon badago. Miquella da, inolako zalantzarik gabe, jokoaren munduko misterio handietako bat, eta horretan sakontzea oso erakargarria izango da jokalarientzat.
Momentuz, itxarotea baino ez zaigu geratzen: arduradunek ez dute zehaztu argitaratze datarik, beraz garapena luzerako doala suposa dezakegu.
Marka guztiak hausten
Urteurrenean, gainera, jokoaren salmenta eguneratuak aditzera emateko aprobetxatu dute Bandai Namcokoek. 20 milioi ale baino gehiago saldu ditu Elden Ringek: ikaragarrizko marka FromSoftwaren jokoentzat, Dark Souls frankizia osoaren parera heltzen baita.
Hori horrela, ez da harritzekoa DLCan lanean aritzea; are gehiago, etorkizunean eduki gehigarri gehiago ikustea espero da.
Game Erauntsian jokoa ikaragarri gustatu zitzaigun: halaxe esan genuen iaz idatzitako analisian.
Laburbiltzeko, Elden Ring maisulan hutsa da. Bideojokozale orok jokatu behar duen titulu horietako bat. Zailtasun latzak ez zaitzala atzera bota: FromSoftwaren azken lanaren erronketara moldatzeko hainbat bide izango dituzu
Iruzkinak