Shadowrun Returns, Shadowrun: Hong Kong eta Shadowrun: Dragonfall ekainaren 21ean kaleratuko ditu Paradox Interactive-k.
Harebrained Schemes-ek garatutako Shadowrun trilogia kontsoletara iritsiko dela iragarri du Paradox Interactive argitaletxeak. Shadowrun Trilogy izenpean, Shadowrun Returns, Shadowrun: Hong Kong eta Shadowrun: Dragonfall klasikoak bilduko ditu.
Zehazki, PlayStation 5, PlayStation 4, Xbox Series, Xbox One eta Switch kontsoletan kaleratuko dute bilduma; ekainaren 21ean egingo dutela aurreratu dute arduradunek.
Cyberpunk girotzea eta fantasia biltzen dituen jokoen saga da Harebrainedena. Jatorriz mahaiko jokoa, sekulako arrakasta lortu zuten honetan oinarritutako bideojokoek, jarraitzaile sutsuenak zein hasiberriak gatibatuz.
Txandakako borroka sakonak, rol elementuz betetako istorio interesgarria eta esploratzeko mundu berezi eta bakarra biltzen dituzte Paradoxek argitaratutako jokoek. Hartu beharko dugun edozein erabakiri bueltak ematen ibili beharko gara, bai arerioen aurkako tiroketetan, bai gainerako pertsonaiekin hitz egiterakoan.
Rol abentura izanik, gure pertsonaia aldatzen eta hobetzen joateko elementuak ere izango ditugu. Maila desberdinek aukera bereziak izango dituzte egoera desberdinetan aurrera egin ahal izateko: kaleko samuraiak, shamanak eta magoak zein hackeatzen adituak izango diren Decker-ak dira, besteak beste, jokoek proposatutako pertsonaia motak.
Nola ez, orain arte PC-rako eta gailu mugikorretarako estreinatutako tituluak izanik, kontsoletako aginteekin modu aproposean funtzionatzeko berritasunak jasoko dituzte.
Shadowrun Trilogy ekainaren 21ean kaleratuko da kontsoletan. Argitaratu aurretik erosiz gero, % 25eko beherapena jasoko dute erosleek.
Iruzkinak