Azaroaren 12an kaleratuko dute JRPG abentura Nintendo Switcherako. Deabruen laguntzarekin apokalipsiari aurre egin beharko zaio abenturan.
E3 2021eko Nintendo Directan ikusitako joko handien artean zegoen, zalantzarik gabe, Atlusek orain hiru urte baino gehiago iragarritako Shin Megami Tensei V. Persona saga famatuaren aita denak aspalditik ez du atal berririk jasotzen, eta jokalari hasiberri zein beteranoei bere mekanikak azaltzeko trailerra prestatu dute arduradunek.
Jainkoak, deabruak eta gizakiak batuko ditu, ohi bezala, Megaten sagaren bosgarren atalak. Munduaren ordena apurtu egin da, eta kaosak hartu du bere lekua: horri esker mundua birsortzea bilatzen dute hainbat botere handik, bakoitzak bere modura.
Suntsitutako Tokio hiri japoniarrean girotuko da abentura hau. Bertan gizakia ez deabrua ez den Nahobino izakiaren kontrola hartuko dute, kaosarekin batera jaio ondoren. Bere helburua jainko berrian bilakatzea izango da, eta horretarako beste deabru zein jainkoen aurka egin beharko du protagonistak.
Borroka horietan adiskideeen zein beste deabruen laguntza izango du; Pokemonekin gertatu antzeran izakiak taldera gehituko dira horiek hizketaldien edota objektuen truke bidez konbentzitu ondoren. Bakoitzak bere indargune eta ahultasunak edukiko ditu, eta horiek modu aproposean kudeatzea izango da jokoaren erronketako bat.
Gune desberdinetan banatutako mundua esploratzea proposatzen du abenturak. Hortik bueltaka ibiliko dira oraingo honetan etsaiak; sagan lehen aldiz ausazko topaketak alboratuko dituzte, eta jokalarien esku egongo da arerioen aurka egitea.
Txandakako borrokek ohiko JRPG mekanikak bilduko dituzte, baina horien zailtasuna nabarmentzekoa izango da: adituentzako saga izan ohi da Megaten, eta hurrengo atalarekin bide hori jarraitu nahi dutela dirudi. Gauza bera gertatzen da istorioarekin: Persona spin-offak girotze koloretsuago eta alaiagoa hartu badu ere, Atlusen jatorrizko JRPG sagak gai ilunak jorratu ohi ditu.
Shin Megami Tensei V azaroaren 12an estreinatuko da esklusiboki Nintendo Switch kontsolarako.
Iruzkinak