Asier Aranzasti zalea arduratu da 2022ko indie jokoa euskaratzeaz. Xakea arau bereziekin elkartzen du.
Shotgun King: The Final Checkmate euskaraz goza daiteke dagoeneko. Xakea oinarri hartuta, premisa eta arau eroak proposatzen dituen titulu berezia da Punkcake Delicieux indie taldearena.

Euskaratzea, baina, ez ofiziala da: Asier Aranzasti bideojokozalearen eskutik aritu ahalko gara gure mintzairan. Hortaz, PCrako jokoa erosita , hau itzultzea oso erraza da —kontsoletako bertsioak ere ditu jokoak, baina ezingo ditugu euskaratu—. Horrekin laguntzeko jarraibideak prestatu ditu itzultzaileak bere Github orrialdean:
- “basque.txt” jaitsi hemen klik eginez
- zip fitxategia deskonprimitu
- Shotgun King The Final Checkmate instalatutako karpetan “lang” izeneko karpeta bilatu
- Jaitsitako basque.txt hemen sartu
- Jokoaren aukeretan hizkuntza aldatu
Pauso sinpleok jarraituta, Shotgun King euskaraz egotea lortuko dugu. 2022. urtean estreinatutako indie tituluak balorazio bikainak eskuratu ditu erabiltzaileen aldetik; ez hori bakarrik, egileek jokoa gaurkotzeekin txukuntzen eta elikatzen jarraitu dute, azkena apirilean kaleratuta.
Armadarik gabe geratu den errege beltzaren rola jokatuko dugu. Mendeku bila, eskopeta hartuta, pieza zuri guztiak suntsitzea izango da helburu nagusia. Horretarako, xakeko mugimenduak eta arauak errespetatu beharko ditugu… eraso egiteko unea iritsi arte: tirokatuz akabatuko ditugu arerioak, baina, ondoren, errekargatzeko eta urruntzeko txanda izango da guretzat, xake mate egin arte.

Partida gaindituta, solairuz igoko gara, hobekuntzak eskuratzeko unea izanik: ausazko bi indartzaile lortuko ditu errege beltzak, granada jaurtitzaileak edo bestelako erokeriak desblokeatuta. Armada zuria ere indartzen joango da, berezko hobekuntzak jasota. Horrela, xakearen arauak eraldatzen ditu bideojokoak, roguelike elementuekin proposamen dibertigarria eratuta.
20 minutuko partida motzak agintzen dituzte arduradunek, aurkitzeko eta desblokeatzeko elementu mordoarekin: kartak, zailtasun mailak zein modalitateak ikusiko ditugu Shotgun Kingen.
Aranzastik itzulitako bigarren jokoa da: aurrekoa, iaz euskaraz jaso genuen Balatro maisulana dugu. Shotgun King: The Final Checkmate ordenagailuetan aurkituko dugu gure hizkuntzan; bestela, PlayStation, Switch eta Xbox bertsioak ere baditu.
Lander Unzueta
Iruzkinak