Yacht Club Games eta Vine estudioen arteko elkarlana da. PC, PlayStation 5, PlayStation 4 eta Switch plataformetan estreinatuko dute.
Plataformetan eta borroketan ibili ondoren, Shovel Knight puzzleetara igaroko da. Arduradunek iragarri dutenez, Shovel Knight Pocket Dungeon abenduaren 13an kaleratuko dute.
Tetris edo Panel de Pon puzzle jokoen oinarrizko mekanikak hartuta, Pocket Dungeonek berezitasun nabarmenak edukiko ditu. Hamar pertsonairen artean aukeratu eta ziegak esploratzea izango da helburua, etsaiak akatuz eta altxorrak aurkituz. Bakoitzak abilezia eta power-up desberdinak edukiko ditu; azkar jokatzea ezinbestekoa izango da, jokoak erritmo bizia izango baitu.
Etsai nagusien aurka egin beharko da ziegetean aurrera egiteko, baina: frankiziako arerio ezagunak ikusiko dituzte jokalariek, baina baita bilau berriak ere. Istorioaren garrantzia nabarmentzen dute garatzaileek: “bidaiatu zure gustuko heroiekin eta esploratu hainbat bira eta ezusteko dituen istorioa!”, diote. Bi jokalarirentzako dueluak eproposatzen dituzte gainera.
Guzti hori estetika koloretsu eta ederrarekin aurkeztuko dute: bideoa ikusita argi geratzen da atal grafikoa proiektuaren indarguneetako bat izango dela.
Eduki gehigarrietan lanean dabiltza arduradunak. Jakitera eman dutenez, etorkizunean hiru DLC argitaratuko dituzte Pocket Dungeon handitzen jarraitzeko: “joko hau garatzea eta jokatzea horrenbeste maite dugu, gehiago nahi dugula, eta zuk ere horixe gura izango duzu”.
Joko txikia izan arren, hiru urte eman dituzte garatzen: sagaren sortzaile Yatch Club Games eta Vine garatzailearen arteko elkarlana izan da.
Shovel Knight Pocket Dungeon ordenagailuetara zein kontsoletara helduko da: PCan, PlayStation 5ean eta 4an zein Nintendo Switchean merkaturatuko dute puzzle jokoa abenduan.
Iruzkinak