Dimension Shellshock DLC-ak pertsonaiak, mailak nahiz erronkak gehituko dizkio iaz estreinatutako beat ‘em up-ari.

Dotemu argitaletxeak jakitera eman duenez, Teenage Mutant Ninja Turtles: Shredder’s Revenge bikainak eduki gehigarriak jasoko ditu laster. Zehazki, bere lehen espantsio handia ikusiko dugu urte bukaeran.

Dimension Shellshock izenarekin, era guztietako edukiak gaineratuko ditu Tribute Games estudioak sortutako lanean. Esanguratsuena, ziurrenik, pertsonaia berrien gehikuntza da. Arduradunek kaleratutako trailerrean bakarra ikusi dugu, ordea: Miyamoto Usagi, hau da, Usagi Yojimbo komikietako protagonista maitatua.

Usagik bere istorioak baditu ere, hainbatetan batu da ninja dortoka gazteekin abentura handiagoak bizitzeko. Oraingoan gainerako borrokalariekin batera erabili ahalko dugu (Leonardo, Raphael, Michelangelo, Donatello, April, Splinter eta Casey) kanpainan jokatzeko, baina baita erronka berrietan parte hartzeko ere. Horietako bat, hain zuzen ere, Usagiren munduan biziko dugu.

Erronkotan dimentsio desberdinak esploratzen ibiliko garela diote garatzaileek; ez dute xehetasun askorik eskaini, baina hordei aurreko egiteko modalitatea izango dela dirudi ikusitakoagatik.

Bukatzeko, pertsonaia guztientzako azalak (skin-ak) nahiz koloreak ekarriko ditu eduki gehigarriak. NES-eko joko zaharretako kolore paleta zein itxura eraberrituak ikusiko ditugu, hortaz.

Game Erauntsian asko gustatu zitzaigun oinarrizko Teenage Mutant Ninja Turtles: Shredder’s Revenge. Gure analisian “beat ‘em up zaleentzat ezinbestekoa” dela aipatzen genuen:

Teenage Mutant Ninja Turtles: Shredder’s Revenge ez da maisulana, ez bizitza aldatuko digun jokoa. Baina agindutakoa modu apartean bete du, eta horregatik ongietorri beroa emateko bezalako lana da Tribute Gamesena.

Shredder’s Revenge zein Dimension Shellshock espantsioa plataforma handi guztietan joka daiteke: PC, PlayStation, Xbox zein Switch gailuetan daukagu. Esan bezala, espantsioak ez dauka argitaratze datarik, baina Dotemukoek urte bukaerarako prest edukitzea espero dute.