2025 hasieran Sony Interactive Entertainment-eko Indie Jokoen Iniziatibako arduradun nagusia izateari utziko dio. 31 urte eman ditu enpresan.

PlayStationen izenik esanguratsuenetako batek enpresa utziko du. Shuhei Yoshida sortzaile japoniar beteranoak Sony Interactive Entertainmentetik erretiroa hartuko duela iragarri du PS Blogean egin dioten elkarrizketan.

“Guretzako” albisteak dituzu, aipatu dio Sid Shuman SIEko komunikazio arduradunak bere ibilbidea ospatzeko egindako artikuluan. Erantzuna motza da: “Bai, iragarpen bat egin nahiko nuke. Sony Interactive Entertainment 2025eko urtarrilaren 15ean utziko dut… bideojoko berriaren argitalpen data iragartzen nabilela dirudi, aspaldi egin ez dudan zerbait”.

PlayStationekin “hasieratik” dagoela aipatu du Yoshidak, enpresan daraman 31. urtea dela adierazita. Hiru hamarkadaren ostean “agian mugitzeko garaia dela” iruditu zitzaion, “PlayStation esku onetan” dagoela ikusita.

Bizitza erdi eman du PlayStationen, hortaz, garatzaile beteranoak: 1993. urteko otsailean batu zen Ken Kutaragi sortzailearen taldera, PS1 kontsola originala sortzen zebiltzanean. Garai hartara begira jarri da Yoshida, oraindik PlayStation “talde bakarrak” osatzen zuenekora: Kutaragiren taldeak 93ko azaroan Sony Music Entertainment Japan-ekin bat egin zuenean “hoteleko gelatxo batean festa ospatu” zutela gogoratzen du. Sony Computer Entertainment jaio zen hilabete hartan.

Ondoren, etxeko zein hirugarrenen enpresetako bideojokoak kudeatzeaz arduratu. Yoshidaren ekoizle eta aholkulari lanari esker ikusi genituen Gran Turismo, Ape Escape, The Legend of Dragoon edo Jak and Daxter, besteak beste. Elkarrizketan, baina, Journey aipatzen du bere “oroitzapenetan nabarmentzen den titulutzat”.

Erabaki okerrak ere hartu izan ditu, noski. Ezaguna da Demon’s Souls-ekin eta FromSoftware-kin izandako talka: jokoa “zaborra” zela irudi zitzaion, “izugarrizko hondamena”. Jokoaren tutorialean bi orduz eman ondorengo adierazpenak dira, baina, horren ondorioz, jokoa ez zen Japoniatik atera hasiera batean. Atlus taldeak lortu zituen ondoren mendebaldean argitaratzeko eskubideak.

 

Txikienei lotutako ibilbide oparoa

Sony Computer Entertainment America-ko presidenteordea, SCE Worldwide Studios-ko presidentea, PlayStation Studios-ko arduradun nagusia… eta, bukatzeko, Sony Interactive Entertainmenteko Indie Jokoen Iniziatibako arduraduna. Betidanik estudio eta garatzaile txikiekin lan egindakoa izan da Yoshida, eta horrela amaitu du bere ibilbidea PlayStationen.

Azken urteotan titulu independenteak babesteagatik eta gomendatzeagatik egin da ezaguna, sare sozialetatik bere iritziak partekatuz bideojokozale guztiekin. Erretiroa hartzear dagoela ere, horrekin jarraitzeko asmoa agertu du: etorkizunean estudio txikienak babesten jarraitu nahiko lukeela adierazi du Yoshidak.