Koronabirusak eragindako oztopo eta eragozpenen ondorioz agindutakoa baino beranduago argitaratuko dute Kung Fu akziozko abentura.
State of Play aurkezpenetatik jauzika dabil Sloclap estudioaren hurrengo lana. Sifu ikusgarria Sony-k antolatutako aurkezpenean iragarri zuten lehen aldiz, eta orain gameplay trailer berria erakusteko aprobetxatu dute ekimena. Ez hori bakarrik: jostagarritasuna azaltzeaz gain atzeratu egingo dutela jakitera eman dute arduradunek.
2022ko lehen hilabeteetara geroratu dute akziozko abentura ikusgarria. Felix Garczynski Sloclapeko komunikazio arduradunak PlayStation Blog webgunean adierazi duenez, erabakia koronabirusaren ondorioz hartu behar izan dute, beste hainbat garatzailek azken hilabeteetan egin antzeran. Pandemiak eragindako egoerak hainbat zailtasun sortu ditu garapen prozesuan, eta aurten argitaratzea aurreikusita zeukaten arren taldeak hori lortzeko lan karga handia jasan beharko zuela nabarmendu du.
Jostagarritasun trailerrak akziozko eszena berriak ikusteko balio izan du. Hirugarren pertsonako kamera hurbilarekin Kung Fu filmetan ikusitako borrokak bizitzeko aukera eskainiko du Sifuk. Arte martzialen maisua izanik era guztietako erasoak erabiliko ditu protagonistak, eta aldi berean kokalekuetako elementuetaz baliatuko da etsaiak akatzeko.
Abenturaren berezitasunik esanguratsuena game over mekanikek eratuko dute. Partida bukatuz gero segituan jarraitzeko aukera edukiko dute jokalariek, baina hainbat urte pasako dira protagonistarentzat. Zahartzen doala arte martzialetan esperientzia handiagoa edukiko du, ahalmen, eraso eta ezaugarri hobeak eskuratuta. Horrela, mendeku hutsean bilakatuko da jokalaria. Sistema honek ez du betirako iraungo, noski, eta behin adin batera helduta jokoa behin betiko bukatuko da.
Sifu PlayStation 5 eta PlayStation 4 kontsoletan kaleratuko du Sloclapek; horiez gain PC-rako ere merkaturatuko dute Epic Games Store bidez.
Iruzkinak